Politika -
Nafarroako lurralde-auzitegia
Compainsek torturagatik salatu zituen lau guardia zibilak deklaratzen ari dira
Eneko Compains 2010ean atxilotu zuten, Ekineko kide izatea egotzita. Lau egunez egon zen inkomunikatuta, eta torturak salatu zituen.
eitb.eus
Gaur 09:30etik aurrera ari dira deklaratzen Iruñeko Auzitegian Eneko Compains torturatzea egotzita salatu zituzten lau guardia zibilak, baina "aurrekari historikoak ikusita zigortuak izateko ia itxaropenik ez duela" esan du Compainsek.
Compainsen salaketa artxibatu egin zuten lehenbizi, baina ikerketa berriro zabaltzeko agindu zuen gero Auzitegi Konstituzionalak. Saioa hasi baino lehentxeago, 09:15ean, protesta egin dute Auzitegiaren aurrean, torturen gaineko zigorgabetasuna salatzeko.
Bertan adierazi duenez, "mila tortura auzi izan dira gure herrian eta zigorrak eskuko atzamarrekin zenbatu daitezke, eta zigorrak jarri diren kasu gehienetan, barkatu egin zaie zigorra".
Hala ere, euskal gizartean "konfiantza" duela esan du, baita "Euskal Herriko erakundeek egin dezaketenaren gainean" ere.
Hori dela eta, "alderdi politiko garrantzitsuei dei egin die torturetan izandako erantzukizuna onartzeko", eta "independentismoari aurka egiteko tortura babesteko eta zabaltzeko Estatu estrategiaren arduradunak izatea" egotzi die PPri eta PSOEri, eta, "neurri txikiagoan, baita EAJri ere, Ertzaintzako arduradun zuzena delako", esan du. Horren hitzetan, "300 tortura auzi baino gehiagoren erantzule" dira ertzainak.
Bestalde, 1960 eta 2014 artean izandako torturen eta tratu txarren eraginaren inguruko txostenarekin "lan egiteko" eskatu die alderdi politikoei. Eusko Jaurlaritzak 2017an aurkeztu zuen txosten hori. Horren harira, Nafarroan torturak jasandakoei aitorpen publikoa emateko eskatu dio Foru Gobernuari.
Eneko Compains 2010ean atxilotu zuten, Ekineko kide izatea egotzita. Lau egunez egon zen inkomunikatuta, eta torturak salatu zituen.
Iruñeko Auzitegiak artxibatu egin zuen kasua. Auzitegi Konstituzionalera jo zuen orduan Compainsek, salaketa behar bezala ikertu ez zutelakoan, eta arrazoia eman zioten iaz. Hain zuzen, Europako Giza Eskubideen Auzitegia estu hartzen ari zen orduan Espainiako Justizia, tortura salaketak ez ikertzeagatik.
Iruñeko Auzitegiak ikerketa abiarazi behar izan zuen azkenean, eta testuinguru horretan deklaratzen ari dira gaur lau guardia zibilak.
Sandra Barrenetxearen tortura salaketa da orain arte auzitara iritsi den bakarra. Compainsen sarekada berean atxilotu zuten Barrenetxea, baina akusatuen aulkian eseri zituen lau guardia zibilak absolbitu egin zituzten. Aurrekariok kontuan hartuta, "Justizian ez dut itxaropen handirik", aitortu du Compainsek.
Compainsen kasuan goizegi da epaiketa izango ote den jakiteko. Gaurko saioa urrats bat gehiago da ikerketa prozesuaren barruan.