Politika -
Autogobernu lantaldea
EAJk eta EH Bilduk Estatutu berriaren hitzaurrea mantenduko dute asteazkenean
Aurretiazko Titulua ixten saiatuko dira bileran, eta eskumenen inguruko talde bakoitzaren proposamenak aztertuko dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
EAJk eta EH Bilduk Estatutu berriaren hitzaurre-proposamena mantenduko dute Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean. Elkarrekin Podemosekin ere adostu zuten hitzaurrea, baina ostiralean dokumentutik bereizi zen, eta ez zuela inoiz bat egin azaldu zuen, Legebiltzarreko iturriek adierazi dutenez.
Iturri berberek azaldu dutenez, EAJ eta EH Bildu "konprometituta" daude, eta testu "ona" da, sentsibilitate gehiago egokitzeko asmoz egindakoa. Halere, Elkarrekin Podemosek atzera egingo ez duela uste dute, adostasuna “apurtu” egin duelako.
Hori dela eta, testua mahai gainean jarriko dute, alderdiek haien jarrera ezagutzera eman dezaten. "Akordio hau babesten ez duena izango da azalpenak eman behar dituena", ziurtatu dute.
Bestalde, Elkarrekin Podemosek dagoeneko esan du Legebiltzarreko datorren foroan boto partikular "eraikitzailea" proposatuko duela, EAJren eta EH Bilduren idatzia onetsi ezinik, jarrera "maximalistak" dituelako eta "identitate" edukia lehenesten duelako sozialaren gainetik.
Bai PP baita PSE-EE ere EAJ eta EH Bilduren dokumentuaren aurka azaldu dira, hasiera-hasieratik. Testuak "aldebiko" harremana eskatzen du izaera "konfederaleko" Espainiako Estatuarekin, erabakitzeko eskubidean eta Euskal Herria "nazio" moduan aintzatestean, "identitate propioarekin, Nafarroa eta Iparralde barne".
Lantaldea sortzeko garaian ezarri zen bezala, sozialistek Estatutu berria egungo ordenamendu juridikoan ezartzea eskatu dute, herritarrentzat "legezkoa, bideragarria eta erabilgarria" izan dadin. Asteazkenean ez dute boto partikularrik aurkeztuko.
Lantaldearen lana amaitzean aurkeztuko du PSE-EEk boto partikularra, dokumentu osoa aurrean duela, erredaktoreek kontuan izateko helburuarekin. Lana adituen batzorde bati bidaliko diote, Estatutu berriaren testu artikulatua egiteko.
Azkenik, PPk esan du estatutu-erreformaz hitz egiteko prest dagoela egungo Estatutua eraberritzeko, baina ez “Konstituzioa apurtzen duten” proposamenei buruz. Popularrek ez dute idatzirik aurkeztuko, “joko horretan sartu nahi ez” dutelako; Gernikako Estatutuaren egungo testua babesten dute.