Politika -

Zentsura mozioa

Rajoyren aurkako zentsura-mozioa erregistratu du PSOEk Kongresuan

Sozialisten idazkari orokorrak, Pedro Sanchezek, zentsura-mozioaren alde egin du, alderdiko zuzendaritzako kideei galdetu eta gero.

Sanchez, zentsura-mozioa aurkezten / EFE.
Sanchez, zentsura-mozioa aurkezten / EFE.
''Joko arauak berreskuratzeko'' aurkeztu du PSOEk zentsura-mozioa

4:13

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoyren aurkako zentsura-mozioa erregistratu du PSOEk Diputatuen Kongresuan, Europa Press agentziak zuzendaritzako iturriak aipatuta esan duenez.

PSOEko zuzendaritza federalak zentsura-mozioa aurkezteko proposamena aztertzekoa zen ezohiko batzarrean, 11:00etatik aurrera, baina hori baino lehenago erregistratu du ekimena Talde Parlamentario Sozialistak.

Gurtel auziko epaiari erantzun politikoa ematea da helburua.

Pedro Sanchezek, PSOEko idazkari orokorrak, gehiago ez itxarotea erabaki du, eta zuzendaritzako kideei galdetu eta gero hartu du erabakia.

EFE agentziak esan duenez, Sanchezek aukera guztiak hartu ditu kontuan, aldeko eta kontrako ñabardurak aztertuz, bere konfiantzako talde batekin, Ferraz kaleko egoitzan.

Zentsura mozioak aurrera egiteko gutxienez 176 diputaturen babesa beharrezkoa da: PSOE, Elkarrekin Podemos, ERC, EAJ eta PDeCAT taldeetako diputatuena, adibidez, edota PSOE, Elkarrekin Podemos eta Ciudadanos taldeetakoena. Momentuz, Elkarrekin Podemos baino ez da mozioa babesteko prest azaldu.

"Joko arauak berreskuratzeko" zentsura-mozioa

PSOEko egoitza nagusian azaldu du Pedro Sanchezek zentsura-mozioa. Sozialisten liderraren arabera, mozioak PSOEren zuzendaritza federal osoaren babesa du, eta "hauteskundeetara legez kontra finantzatuta aurkeztu den alderdi batek apurtutako joko arauak berreskuratzeko" helburua du.

Sozialisten idazkari nagusiarentzat, Gurtel auziak "sumina eragin du gizartean", PPren finantzaketa irregularraren aurrean. Esan duenez, Audientzia Nazionalak "ustezko" izenondoa kendu dio.

Mariano Rajoyri leporatu dio Espainiako "krisi politiko, instituzionala eta konfiantzazkoa", eta PPk epaiaren ostean izandako erantzuna kritikatu du.

"Epai latz baten ondoren, ikusi dugu PPn ez dela dimisiorik izan. Gobernuko presidenteak zuzentzen duen erakunde politikoa zigortzen duen epaiari ez diote jaramonik egin", esan du Sanchezek.

"350 diputatuei" hitz egin die Sanchezek, baita independentista eta nazionalistei, "erantzunkizunez joka dezaten eta hiritarren interesak lehenetsi ditzaten", eta esan duenez, exekutiboa "PSOEren gobernu bat izango da, Espainiako Konstituzioa eta lurralde batasuna defendatuko dituena".

Prozedura

Kongresuko Mahaiak astelehen arratsaldean edo asteartean onartuko du tramitera mozioa, eta momentu horretatik aurrera, bi eguneko epea irekiko du beste taldeek hautagairen bat aurkeztu nahi badute.

Ana Pastorrek, Diputatuen Kongresuko presidenteak, hautagaiarekin hitz egin ostean ezarriko du eztabaidaren eguna, baina gutxienez bost egun igaro beharko dira mozioa aurkeztu denetik. Beraz, osoko bilkura hura ezin izango da datorren astean ospatu.

Zentsura-mozioa, legearen arabera, Gobernuari erantzunkizunak eskatzeko modu formala da, ondorengo arauekin: Kongresuaren hamarren batek sinatu behar du gutxienez (35 diputatu), eta presidente izateko hautagai bat proposatu (kasu honetan, Pedro Sanchez); beste taldeei beste mozioak aurkezteko aukera ematen zaie, eta irabazteko gehiengo absolutua behar da (176 boto).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Mariano Rajoy Pedro Sánchez