Politika -

Auzitegi Nazionala

ANk onartu egin du Trapero sedizioagatik epaitzea U-1eko erreferendumaren harira

Mossoen buru ohia "egitasmo sezesionistaren katebegi" izan zela egiaztatu da "zalantzarik gabe", epaitegiaren arabera.

Trapero, artxiboko irudian. Argazkia: Efe
Trapero, artxiboko irudian. Argazkia: Efe
Trapero, artxiboko irudian. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak baieztatu egin du Josep Lluiz Trapero Mossoen buru ohia talde kriminaleko kide izateagatik eta sedizioagatik epaitzea, urriaren 1eko Kataluniako erreferenduma egiten uztea eta irailaren 20an eta 21ean Ekonomia Kontseilaritzan izandako protestak ez gelditzea leporatuta.

Era berean, Cesar Puig Generalitatearen Barne idazkari nagusi ohia eta Pere Soler Mossoen zuzendari ohia auzipetzea ere berretsi du, talde kriminaleko kide izateagatik eta sedizioagatik. Teresa Laplana intendentearen kasuan, sedizioagatik auzipetzea berretsi du, Kontseilaritzako protestaren harira.

Epaileek atzera bota dituzte Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak auzipetutako lau lagunen helegiteak, eta orain aldeen txanda izango da, akusazio eta defentsa idatziak aurkezteko epea, ahozko epaiketa hasi aurretik.

Traperoren kasuan, Auzitegi Nazionalak uste du hilabeteotako ikerketak agerian uzten duela "zalantzarik gabe" Mossoen buru ohia "katebegi izan zela egitasmo sezesionistan".

Epaitegiaren arabera, urriaren 1ean Mossoen arduradunek, Trapero buru zela, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren agindua urratu zuten eta ez zuten erreferenduma galarazi. Horren ordez, "gezurrezko dispositiboa jarri zuten martxan, formala soilik, eta legez kanpoko kontsulta egiten uzteko aginduarekin bakarrik ez, Estatuko gainerako segurtasun indarren lana zapuzteko aginduarekin".

Auzitegiak adierazi duenez, Estatuko segurtasun indarren lana oztopatzeaz gain, ez zuten esku hartu erasotuak izan zirenean eta haien mugimenduak zelatatzen ibili ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma gaur Delituak albisteak Epaiketak Eguneko albisteak