Politika -

Iruñeko Udala

Asironek udal-gobernua eraberritu du, Aranzadi eta I-Eko zinegotziak kargutik kenduta

Iruñeko alkateak gobernu taldean aldaketak egitea erabaki du, Aranzadi eta Izquierda-Ezkerrako zinegotziengan konfiantza galdu ostean.

Joseba Asiron. Argazkia: EFE
Joseba Asiron. Argazkia: EFE
Joseba Asiron. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Asironek Iruñeko udal-gobernua eraberritzeko erabakia hartu du eta Izquierda-Ezkerra eta Aranzadi taldeetako zinegotziak ardura karguetatik kendu ditu.

Bi alderdi horiek atzoko osoko bilkuran erakutsi zuten jarrera dela eta hartu du erabakia. Hala ere, Gobernu Batzordean jarraitzeko aukera eskaini die biei, sailik zuzendu ez arren, legegintzaldiko lehendabiziko bi urteetan Geroa Baik egin zuen moduan.

Iruñeko alkateak agerraldia egin du gaur goizean bere erabakiaren berri emateko eta aldaketa horien arrazoiak azaltzeko.

Iruñeko alkateak esan du Ezkerra eta Aranzadirekin orain arte izan duen konfiantza galdu egin duela eta, beraz, gobernutik kanporatzea beste aukerarik izan ez duela.

Atzo, inbertsio jasangarrien bozketan, EH Bilduk eta Geroa Baik aldeko botoa eman zuten, baina  bi talde horiek abstenitu egin ziren eta, ondorioz, ekimenak ez zuen aurrera egin.

"Atzoko osoko bilkuran, Ezkerrak eta Aranzadik euren burua udal-gobernutik kanpo jarri zuten, inbertsio jasangarrien bozketan abstenituta eta egitasmoa ez babestuta; jarrera hori ulertezina da, udal-gobernutik ateratzeko eta oposiziora pasatzeko urratsa moduan ulertzen ez bada behintzat", esan du Asironek. "Beste edozein arrazoi are ulergaitzagoa izango litzateke, arduragabekeria izugarriaz jokatzea", erantsi du.

Bi talde horien jarreraren ondorioa "oso larria" izan dela esan du; izan ere, "udal-gobernua Iruñeko auzoak eraberritzeko sei milioi euro inbertitzeko aukerarik gabe geratu da".

"Gobernu taldearen baitan eztabaidarako eta kontrako iritziak agertzeko aukera egon badago, baina ulertezina da bere zuzenketak egiteko babes nahikoa lortzeko gai izan ez zirenez, bere abstentzioarekin proiektu guztia atzera botatzea", azaldu du.

"Honi guztiari onura aterako dioten bakarrak eskuineko alderdi politikoak eta komunikabideak izango dira; poz-pozik egongo dira", deitoratu du.

Bertan behera geratu den sei milioi euroko aurrekontua berreskuratzeko ahaleginak egingo dituela ere adierazi du Asironek. "Sail horietako zinegotziei agindua eman diet aterabide bat bilatzen hasteko eta inbertsio horren zatirik handiena berreskuratzen saiatzeko", erantsi du.

Ezkerraren eta Aranzadiren jarrera "ulertezina eta arduragabea" izan dela esan du eta, ondorioz, haienganako zuen "konfiantza galdu" egin duela azpimarratu du. "Politikoki horrelakorik ezin dut onartu eta alkate bezala ezin nuen beste aldera begiratu; erabaki zaila izan da", azaldu du.

Nolanahi ere, lasaitasunerako mezu bat ere igorri nahi izan du eta nabarmendu du Iruñean aldaketa gauzatzeko konpromisoari eutsi egiten diola. "Erabaki honek ez du krisia sortu; krisi-egoera gainditzea ekarri du eta aldaketak aurrera jarraituko du orain", adierazi du.

Hamar sailetatik zazpira

Gauzak horrela, Asironek zehaztu du aldaketak berehalakoak izango direla eta dagoeneko izendatu dituela arduradun berriak. Orain arte sailak hamar baziren, aurrerantzean zazpi izango dira.

Berdintasun saila alkatetzaren esku geratuko da eta Parte-hartze saila Mikel Armendariz hautetsiak zuzenduko du. Gizarte Ekintza eta Komunitate Garapenerako sailak batu egin dituzte eta Esther Cremaes hautetsiak zuzenduko ditu. Departamentu berean egongo da Adinekoen saila ere.

Aniztasunari lotutako eskumenak Kultura sailaren baitan sartuko dituzte, Maider Beloki zinegotziaren ardurapean. Hiri Ekologia eta Mugikortasuna saila Hiri Bizigarri eta Etxebizitza departamentuarekin lotuko dute, Joxe Abaurrea hautetsiaren zuzendaritzapean.

Edonola ere, Asironek eskua luzatu die Ezkerra eta Aranzadiko zinegotziei, karguak utzi arren, aldaketaren alde lanean jarraitzeko. "Aldaketaren aldekoak izaten jarraitzen dute, aldatu den gauza bakarra helburu horren alde lan egiteko tokia da", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Joseba Asiron Albisteak Iruñeko Udala