Politika -

Espetxeak

ETAko bi presoen lekualdatzea 'begi onez ikusten' du Eusko Jaurlaritzak

“Legea eta iragarritakoa bete eta ETAko presoak gerturatzea” eskatu dio EAEko Exekutiboak Espainiako Gobernuari.

Basauriko (Bizkaia) espetxea. Irudia: EiTB
Basauriko (Bizkaia) espetxea. Irudia: EiTB
Basauriko (Bizkaia) espetxea. Irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Damututako ETAko bi preso Basauriko espetxera ekartzea “begi onez ikusten” du Eusko Jaurlaritzak. Zentzu horretan, “legea betetzeko” eskatu dio Exekutibo zentralari, desegindako erakundearen presoak Euskal Herritik gertu dauden kartzeletara lekualdatuz.

Olga Sanz eta Xabier Moreno ETAren Bizkaia taldeko kideak izan ziren. Biak Asturiaseko kartzelan zeuden preso. Orain hirugarren gradura pasa dira eta zigorra Basauriko espetxean (Bizkaia) beteko dute.

Espetxe Zuzendaritzako iturriek jakitera eman dutenez, hirugarren gradua eman diete; ondorioz, “ezin da lekualdatzeaz hitz egin, ezta hurbilketaz ere”.

Espetxe Zuzendaritzak ziurtatu duenez, “legeak ezarritako baldintzak bete dituzte biek: zigorraren hiru laurdenak bete dituzte, kalte-ordaina pagatu dute, biktimei barkamena eskatu diete, ETAtik atera dira, indarkeriari uko egin diote eta Justiziari laguntzeko prest agertu dira”.

Bi presoak Euskadira ekartzea ontzat hartu du Iñigo Urkulluren Gobernuak, nahiz eta Pedro Sanchezen Exekutiboak iragarritako presoen hurbilketa ez izan. Legezko baldintzak bete eta hirugarren gradua eman diete.

 

Loza: "Espetxe legediaren baldintza guztiak bete dituzte"

 

Horregatik, “iragarritakoa bete eta ETAko presoak” Euskal Herriko espetxeetara “gerturatzeko” eskatu dio berriro Jaurlaritzak PSOEko Gobernuari.

Bestalde, Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak ziurtatu duenez, Sanzen eta Morenoren lekualdatzearekin Pedro Sanchez Exekutibo zentraleko presidenteak eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak esandakoa “zehatz-mehatz betetzen” da; “espetxe politika berria Lege barruan” izango dela, alegia.

Espainiako Gobernuaren ordezkariak gogorarazi duenez, Sanzek eta Morenok “espetxe legediaren baldintza guztiak bete dituzte”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Basauri Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Presoak ETA Albisteak