Politika -

Katalunia

Aske, urruntze aginduarekin, lazoak kentzen ari zen emakumearen ustezko erasotzailea

Gizonak uko egin dio deklaratzeari, gaur goizean Bartzelonan gorroto eta lesio delituak leporatuta atxilotu ostean.

Lazo horiak Bartzelonan. Argazkia: EiTB
Lazo horiak Bartzelonan. Argazkia: EiTB
Lazo horiak Bartzelonan. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bartzelonako zaintza epaileak aske utzi du karguekin Ciutadellako parkean lazo horiak kentzen ari zen emakume bati ustez eraso egin zion gizonezkoa, baina biktimarengandik 500 metrora egoteko urruntze agindua ezarri dio.

Gizonak uko egin dio deklaratzeari, gaur goizean Bartzelonan gorroto eta lesio delituak leporatuta atxilotu ostean. Emakumeak jarritako salaketaren ondorioz izan da atxiloketa.

Fiskaltzak karguekin aske uztea eta 500 metroko urruntze agindua eskatu du akusatuarentzat, eta horixe bera onartu du epaileak, Jose Miguel Company fiskal bozeramaileak jakitera eman duenez.

Aurreko abuztuaren 25ean izan zen gertakaria. Biktimaren bertsioaren arabera, gizona emakumearekin sesioan hasi zen Ciutadellako itxituran jarrita zeuden lazo horiak kentzen ari zelako, eta jo egin zuen jatorri errusiarreko emakumea. Kolpeen ondorioz, emakumea ospitalean artatu behar izan zuten.

Ustezko erasotzaileak, berriz, emakumea salatu zuen astelehenean, eraso egiten lehena izan zelakoan.

Izan ere, gizonak ukatu egin du liskarra arrazoi politikoengatik gertatu zela, eta eztabaida lazoak lurrera botatzeagatik eta kalea zikintzeagatik izan zela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Politika Bartzelona bideoak Albisteak