Politika -
Katalunia
Agbar enpresak Katalunian ezarri du berriro bere egoitza soziala
Kataluniako egoera politikoa dela eta, hainbat konpainiak egoitza soziala aldatu zuten iaz. Agbar da Kataluniara bueltatu den lehen enpresa handia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Agbar enpresaren egoitza soziala berriro Bartzelonan ezartzea erabaki du Uraren Bartzelonako Elkarte Nagusiaren administrazio kontseiluak. Horrenbestez, egoitza soziala Katalunian berriro ezarri duen lehen enpresa handia da.
2017ko urriaren 7an erabaki zuen konpainia horrek egoitza soziala Madrilera eramatea, Katalunian bizi zen egoera politikoak bultzatuta. Behin-behineko neurria zela adierazi zuten orduan. Inbertitzaileen segurtasun juridikoa bermatzeko eta langileen, bezeroen eta hornitzaileen interesak babesteko asmoz aldatu omen zuten egoitza soziala.
Konpainiaren arabera, egoitza soziala Madrilera eraman izanak ez du inolako ondoriorik izan enpresarentzat, ezta bezeroentzat ere, eta plan guztiak aurreikusitako epean gauzatu dituzte.
Egoitza soziala Madrilera eramatea "mugimendu mingarria, baina beharrezkoa" zela adierazi zuen orduan, eta finantza-merkatuaren "presioa oso handia" zela aitortu zuen.
Kataluniako prozesu independentista dela eta, 3.000 enpresa baino gehiagok aldatu zuten egoitza soziala iaz, tartean La Caixak, Sabadellek eta Abertisek.