Politika -
Politika orokorreko bilkura
Urkullu: 'Euskadi nazioa dela aitor dezake Estatuak, eta hala egin behar du'
Datorren osteguneko Politika Orokorreko Bilkuran, estatutu berria, bizikidetza, giza eskubidean, errefuxiatuak eta ekonomia izango ditu hizpide lehendakariak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak uste du Estatuak Euskadi nazio bat dela eta autogobernurako proposamen propioak egiteko ahalmena duela aitortu behar duela.
Datorren ostegunean Politika Orokorreko bilkura egingo dute Eusko Legebiltzarrean eta, gaur, Lehendakaritzak Iñigo Urkulluk jorratuko dituen gaien ildo nagusiak zeintzuk izango diren jakinarazi du.
Gai nagusia Euskal Autonomia Erkidegorako estatutu berria izango da. Hilabete luzeetan Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean eztabaidan aritu ostean, asteon eman diete mandatua adituei testu artikulatuaren zirriborroa idazteko. Autogobernu Lantaldean EAJk eta EH Bilduk egindako itunaren irizpideak oinarri hartuta sortu beharko dute estatutu berriaren zirriborroa.
Gainerako talde parlamentarioekin akordio bat lortzea ezinezkoa izan bada ere, lehendakariak uste du elkarrizketarako eta ituna zabaltzeko aukera badagoela oraindik. "Adostasuna lortzeko bidea hasi besterik ez da egin", dio.
"Orain arteko adostutakoan aurrera egiteko leialtasuna ezinbestekoa da. Hasteko, leialtasuna zor zaie iraganean alderdi politikoek adostutako eta euskal gizarteak berretsitako itunei, eta garrantzitsuena Gernikako Estatutua da", gogoratu du.
Ildo horretan, Gernikako Estatutuak bete gabe jarraitzen duela kritikatu du lehendakariak; izan ere, Estatuak hainbat eskumen transferitu gabe ditu oraindik.
Gauzak horrela, Urkulluk uste du Espainiako Gobernuak aukera berri bat duela orain Estatuaren antolakuntza ereduaren krisiari "modu eraikitzaile" batean aurre egiteko, "plurinazionala dela aitortuta".
"Etorkizuna argitzeko aukera berri baten aurrean gaude. Gure autogobernua berritzeko eta aro berriari eta bizikidetzaren erronkari egokitutako proposamen bideragarri bat adosteko baldintzak egon badaude", azpimarratu du lehendakariak.
Aro berri honetan Estatuko botereek asko egin dezaketela uste du Urkulluk. "Estatua plurinazionala dela aitortu dezakete eta aitortu behar dute; lurralde aniztasuna aitortu behar dute; Euskadiren errealitate nazionala eta gure komunitate ereduaren berezitasuna aitortu behar dute", erantsi du.
Bizikidetza, giza eskubideak eta ekonomia
Bizikidetza eta giza eskubideen alorrean, lehendakariak esan du elkarrizketa eta elkarlana bultzatuko duela biktimekin, indarkeriak eragindako minaz hausnarketa kritikoa egitea sustatuko duela, espetxe-politika aldatzearen alde lan egingo duela eta oroimenari lotutako neurri politikoak hartuko dituela.
Horrez gain, migratzaileek pairatzen duten krisi humanitarioari Eusko Jaurlaritza erantzun bat ematen saiatuko dela agindu du.
Ekonomiari dagokionez, Urkulluk dio aurreikuspenak positiboak direla, bai Euskadiren hazkunderako bai enplegua sortzeko. Ildo horretan, berretsi egin du langabezia-tasa 2020an % 10etik behera egotea dela Jaurlaritzaren helburua, baita lanpostuetako kalitatearen hobetzea ere.
Beste erronka batzuk ere aipatu ditu: bizi-itxaropena 84 urtera arte luzatzea, 2020an; oinarrizko ikasketak uzten dituzten gazteen tasa % 8tik behera kokatzea; 25 urtetik beherako gazteen % 75ek euskaraz hitz egiteko gaitasuna izatea; pobreziaren tasa % 20an murriztea; jaiotze-tasa handitzea; eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean urratsak ematea.