Politika -
Autogobernua
Mendiak esan du ez dutela parte hartuko 'ezegonkortasuna' sortuko duten itunetan
PSE-EEren idazkari nagusiak esan du ez direla egongo "ezegonkortasunaren birusa kutsatzen eta ekonomia arriskuan jartzen duten akordioetan".
agentziak | erredakzioa
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusia Eibarren izan da ekitaldi politiko batean, eta esan du bere alderdia ez dela egongo "ezegonkortasunaren birusa kutsatzen eta ekonomia arriskuan jartzen duten akordioetan". Era berean, argi adierazi nahi izan du ez direla EAJk eta EH Bilduk proposatzen duten Estatutuaren erreformarako "konpartsak" izango.
PSE-EEk prentsa-ohar bateak jakitera eman duenez, Euskal Sozialisten Artxiboaren inaugurazioan egin ditu Mendiak adierazpenok, Eibarren, eta bertan zegoen baita Eider Gardiazabal Ramon Rubial Fundazioko presidentea ere.
EAEko sozialisten buruak euskal Estatutua berritzeko prozesua izan du hizpide, eta ohartarazi du ez dutela parte hartuko "herritarrengan zalantzak sortuko dituzten, ezegortasunaren birusa kutsatzen eta ekonomia arriskuan jartzen duten itunetan".
"Desberdinen arteko batuketaren", "ziurtasunaren" eta "aniztasunaren errespetua bermatzen duen bizikidetzaren" alde egin ostean, Mendiak berretsi du haien jarrera "argia" dela, eta horixe defendatu dutela "autogobernuari buruzko eztabaida osoan".