Politika -

Eusko Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko zuzendariak kargua utzi du

Duela gutxi jakin zen hainbat funtzionariok Miren Dorronsoro salatu zutela, lanean "indarkeria psikosoziala" erabiltzea egotzita. Kargua uzteko arrazoia hori dela ukatu du Osasun Sailak.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miren Dorronsoro Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak kargua utzi du, "berak hala eskatuta eta erretiroa hartzeko",  Osasun Sailak jakitera eman duenez. Juan Jose Aurrekoetxeak hartuko du haren lekua aurrerantzean.

Dorronsorok 30 urtez egin du lan Osakidetzan eta Osasun Sailean. Eusko Jaurlaritzak urte luze horietan egindako lana eskertu dio eta bere zuzendaritzapean abiarazitako ekimenak aipatu ditu: 2013-2020 Osasun Plana, Adingabeak eta Alkohola Plana eta Elikadura Osasuntsurako Proiektuak.

Bestalde, duela egun batzuk jakin zen hainbat funtzionariok Dorronsoro salatu zutela, lanean "indarkeria psikosoziala" erabiltzeagatik.

ELA sindikatuak uste du Dorronosok kargua uzteko hartu duen erabakia salaketa horiekin lotuta egon daitekeela, "laneko jazarpen kasu batean" nahasita egon daitekeelako Osasun Publikoko zuzendari ohia.

Osasun Sailak onartu du barneko prozedura bat abian jarri zuela joan den ekainean, sei langilek Miren Dorronsoren kontrako kexa formalak aurkeztu eta gero, baina ukatu egin du gaurko erabakia salaketa horien ondorioa dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Lana Funtzionarioak Ekonomia Albisteak