Politika -

Protesta

'Gizarte askeagoa eta justuagoa' aldarrikatu dute milaka herritarrek Iruñean

Milaka lagun atera dira kalera "agerraldi faxista-frankista"ren aurka 'Askatasunaren aldeko martxa' deiturikoan.

Askatasunaren aldeko martxa Iruñean. Argazkia: Efe
Askatasunaren aldeko martxa Iruñean. Argazkia: Efe
Askatasunaren aldeko martxa Iruñean. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako gizarte alorreko hainbat taldek deituta, milaka lagun atera dira Iruñeko kaleetan "gizarte libreagoa eta justuagoa" aldarrikatzeko, eta "agerraldi faxista-frankista" errefusatzeko.

'Askatasunaren aldeko martxa' deiturikoarekin bat egin dute ELAk, LABek, ESK-k, Stee-Eilasek, CGTk, Peñen Federazioak, Martxoak 8 Koordinakundeak, Memoriaren Autobusak, Ahaztuak-ek, Sanfermines 78 Gogoanek, Amapola del Camino koordinakudeak, Ernaik, Gazte Komunistek, Nafarroako AEKko irakasleek, AHT Geldituk, Alter-Nativasek, Euskal Herriak Euskarazek, Altsasukoak aske plataformak, Zikutak eta Bullerak-ek.

Manifestazioa Udaletxe Plazatik abiatu da 12 lagunek eusten zuten Nafarroako bandera handi baten atzean.

Manifestazioak Iruñea erdiguneko kaleak zeharkatu ditu Foruen Monumentura iritsi arte, eta bertan agiria irakurri dute askatasun demokratikoak defendatuko dituztela adierazteko.

Azpimarratu dutenez, "askatasun demokratikoak eta eskubide sozialak ez dizkigute oparitu. Gure lanaren eta borrokaren fruitu dira, eta gure aurreko belaunaldiena. Ez dugu horien murrizketarik onartuko. Hori dela eta, osasun, hezkuntza, arreta sozial, kultura eta pentsioen zerbitzu publikoen pribatizazioaren eta murrizketaren aurka gaude".

"Gure askatasunak eta eskubideak ez daude salgai. Defendatu egingo ditugu, gure lurraldea bezalaxe, eraikuntza enpresa handien interesen mende baitago", azaldu dute adierazpenean.

Manifestazioaren antolatzaileak Nafarroa "erabat askea eta burujabea" aldarrikatu dute, eta "ez dezatela gure izenean erabaki, orain Madrildik eta Belgikatik egiten duten moduan. Gure eskubideak aitortu behardizkigute, gure lege eta akordioak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Nafarroa Eguneko albisteak