Politika -

Espetxe eredua

Espetxeen kudeaketarako transferentzia eskatu du Eusko Legebiltzarrak

Horrela, "zentzuzko" espetxe eredu "demokratiko" baterantz aurrerapausoak eman nahi dituzte. Ekimena Legebiltzarreko talde politiko guztiek babestu dute, PPk izan ezik.

Basauriko espetxea / Irudia: EiTB.
Basauriko espetxea.
Basauriko espetxea / Irudia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espetxeen kudeaketarako eskumena Euskadira transferitzea eskatu dute Eusko Legebiltzarreko talde guztiek, PPk izan ezik. Gernikako Estatutuan jasota dagoen bezala transferitzea aldarrikatu dute, “zentzuzko” espetxe eredu “demokratiko” baterantz aurrerapausoak emateko, giza eskubideak errespetatzeko.

Bestalde, Gasteizko Ganberak Elkarrekin Podemosen proposamen bat onartu du, erkidegoan “erroturik dauden preso guztiak” Euskadira hurbiltzea eskatuz. Talde politiko guztiek ekimena babestu dute, PPk salbu.

Eusko Jaurlaritzak proposatutako espetxeetako ereduak kartzelaren erabilpena gutxitzearen alde egiten du, soilik "beste aukerarik ez dagoen" kasuetan erabiltzeko "muturreko aukera" bezala. Helburuen artean dauka presoen % 40k zigorrak erregimen irekian betetzea.

Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuak Exekutiboa prestatzen ari den espetxeetako kudeaketa ereduaren printzipioak eta helburuak aurkeztu ditu, Pedro Sanchezen Gobernuak egindako egutegiak 2020rako ezarri duen eskumen honen transferentziaren negoziazioari begira.

San Josek espetxeei buruzko Eusko Legebiltzarraren bilkuran aurkeztu ditu ereduaren ardatzak, EH Bilduk eskatuta. Azpimarratu duenez, transferentzia hau ez da "prebenda" bat, eta posible da, Katalunian izan zen bezala, EAEko administrazioak espetxeetako zuzendaritza, antolaketa eta inspekzio funtzioak bereganatzea.

EAEn 1.314 pertsona daude espetxeratuta (1.191 gizon eta 123 emakume). 60 preso daude 100.000 biztanleko. Eusko Jaurlaritzak 40ra jaitsi nahi du tasa hori.

Espetxearen erabilpena gutxitzean eta birgizarteratzean oinarritzen den ereduaren alde egin du sailburuak, genero ikuspegia eta ikuspuntu konpontzailea hartuko dituena.

San Josek defendatu duenez, espetxeratzea "muturreko aukera" izan behar da, eta horregatik presoen % 40k zigorra erregimen irekian betetzearen alde egin du. Gaur egun % 28k dute hirugarren gradua.

Erdiesteko, Eusko Jaurlaritzak sistema integral bat eta birgizarteratzearen aldekoa bultzatu behar duela esan du sailburuak, "epaileei eremu irekiko neurriak ezartzeko bermeak ematen dizkiena".

Erregimen irekiko onurak berrerotze indizeen hobekuntzarekin lotu ditu San Josek. % 30tik behera egotea nahi du Jaurlaritzak.

Helburu horietara hurbiltze aldera, Eusko Jaurlaritzak norbanakoei laguntzeko erremintak garatzea, espetxeetako langileak heztea eta komunitatearen aldeko lanak sustatzea, beste neurrien artean.

EH Bilduk bere proposamenak defendatu ditu. Horien artean dago administrazio-egoitza EAEn duten presoek zigorrak autonomia erkidegoan betetzea. PPk eta PSE-EEk ETAko presoak hurbiltzea bilatzen duela aurpegiratu diote koalizioari. Hori helburu legitimoa da EAJ eta Elkarrekin Podemosentzat, baina biek ohartarazi dute hori ezin dela ereduaren eztabaidaren zio nagusia izan.

Jone Goirizelaiak (EH Bildu) Eusko Jaurlaritzaren neurriak kritikatu ditu "berde" egoteagatik, eta uste du posible litzatekeela, behin eskumena izanda eta dekretuen bitartez, euskal preso guztiek zigorra EAEn betetzea.

Eredua "erroetatik" aldatzearen alde egin du abertzaleak, "presoak duintasunez tratatzen dituen eta, alde batera utzi beharrean, berreskuratzen saiatuko den" eredu propio bat egitea defendatu du. Horretarako, beste neurrien alde egin du.

Joseba Zorrillak (EAJ) eskumena transferitzea aldarrikatu du, Euskadik "gai honetan eredu eman ahal izateko", eta PPren eredu penaletik urrun egon dadin. EH Bildurik autokritika eskatu dio, eta azpimarratu du terrorismoak "asko baldintzatu duela" espetxe politika.

Juan Luis Uriak (Elkarrekin Podemos) birgizarteratze programak hobetzeko aldarrikatu du transferentzia, eta esan du taldeen arteko adostasun maila altua dela.

Alexia Castelo (PSE-EE) ziur agertu da transferentzia egin egingo dela, eta argi utzi du bere alderdiak euskal eredua "soziala eta birgaitzailea" izatearen alde dagoela.

Azkenik, Nerea Llanosek (PP) espetxe politika, transferentzia egon ala ez, Estatuaren eskumena dela gogorarazi du, eta ohartarazi du espetxeen kudeaketa Euskadin egotea ez dela hobetuko denaren berme bat. Adibide bezala Lanbide jarri du; bere ustez, "kaos bat" da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Eguneko albisteak Albisteak