Politika -
Barne bozketa
Matute, Aizpurua, Ruiz de Pinedo eta Pozueta, EH Bilduren zerrendaburuak Kongresurako
Horiek dira zuzendaritzak proposatutako hautagaiak, eta gaur eta bihar egingo duten bozketan oinarriaren babesa jasoko dutela espero dute.
agentziak | erredakzioa
Oskar Matute (Bizkaia), Mertxe Aizpurua (Gipuzkoa), Iñaki Ruiz de Pinedo (Araba) eta Bel Pozueta (Nafarroa) dira EH Bilduren zuzendaritzak Kongresurako hautatu dituen zerrendaburuak, eta gaur eta bihar egingo duten bozketan oinarriak babesa ematea espero dute.
Marian Beitialarrangoiti koalizioaren arduradun instituzional berriak prentsaurreko batean eman du hautagaitzen berria, eta iragarri du koalizioan izena emana dutenen artean bozketa egingo dutela biharko gauerdia arte, eta igandean ofizialak izango direla.
Gipuzkoako hautagaitza, hauteskundeetan aurreikuspen onenak dituenak, Mertxe Aizpurua du lehenengo postuan. Udalbiltzaren presidente ohi eta Gara egunkariaren zuzendari ohia da.
Bigarren joango da Jon Iñarritu bizkaitarra, legegintzaldi honetan senatari izan dena, eta azken aldian protagonismo handia lortu duen ordezkaria.
Esther Larrañaga Ingurugiro sailburu ohiak, Juan Mari Olano Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren koordinatzaile ohiak, Nerea Zubia Oñatiko zinegotziak eta Juan Ramon Garai pentsiodunak osatzen dute zerrenda.
Senatuan Gipuzkoaren ordezkari izateko, berriz, Gorka Elejabarrieta, Olaia Duarte eta Aitor Ibero dira hautagaiak.
Oskar Matute diputatua izango da zerrendaburua Bizkaian, eta bere atzetik daude zerrendan Idurre Bideguren Bermeoko alkatea, Andoni Rojo, Idoia Aginako Urduñako alkatea, Arkaitz Fullaondo soziologoa, Ana Mezo pentsioduna, Eba Ferreira Athletikeko jokalari ohia eta Iñaki Antiguedad diputatu ohia.
Senaturako zerrenda, aldiz, Arantza Gutierrezek, Joseba Gezuragak eta Maria Jesus 'Txusa' Etxeandiak osatuko dute.
Araban, Iñaki Ruiz de Pinedo izango da zerrendaburua, eta bigarren Maddi Isasi jarri dute, Andoni Txaskoren eta Belen Arrondo legebiltzarkide ohiaren aurretik.
Senatura joateko hautagaiak Garazi Dorronsoro, Estibaliz Ibañez de Gauna eta Aitor Miguel Quintana izango dira.
Azkenik, eta asteazkenean iragarri zuten moduan, Bel Pozueta Altsasuko gazteen ama izango da zerrendaburua Nafarroan, Eneko Compainsen, Veronica Ferreiraren, Laia Praten eta Paolo Albaneseren aurretik.
Beitialarrangoitiak azpimarratu du pertsona prestuak eta konprometituak direla, eta hauteskundeak Estatu "krisi sakonaren" testuinguruan kokatzen dituztela.
"Monarkiak, ibex35-eko enpresek eta PP-Ciudadanos-Vox blokeak erabaki dute krisiari aurre egiteko modua estaturik gabeko nazioak badaudela ukatzea dela, egungo autogobernua eta herritarren eskubide sozial eta ekonomikoak murrizten", gaineratu du.
Buruzagi abertzaleak argitu du ERCrekin egin duten akordioak ez duela atzera bueltarik, eta ostegunean berretsi zuela alderdi kataluniarrak berak ere. Horren harira, argitu du beste talde batzuekin hitz egiten ari direla oraindik akordiora bat daitezen.