Politika -
Nafarroa
PSN, Ezkerrarekin elkartu ostean, gustura geratu da gobernua osatzeko bilerekin
Alzorrizen arabera, "bilera-sorta itxaropentsua izan da nafarrentzat, 23 parlamentarik bat egiteko borondate argia dago, eskuindarren 20ak gainditzeko".
agentziak | erredakzioa
Ramon Alzorriz PSNren Antolakuntza idazkariak esan du, Ezkerrako ordezkariekin bildu ostean, Nafarroan gobernua osatzen saiatzeko bilera sorta "positiboa" izan dela, eta azpimarratu du ez dituela PSOEren "bi bertsio" ikusten.
Ordubetez Ezkerrako ordezkariekin bildu ostean Alzorrizek azaldu duenez, Geroa Bairekin, Podemosekin eta Ezkerrarekin egindako "bilera sorta positiboa" izan da; "itxaropentsua da nafarrentzat, 23 parlamentarik bat egiteko borondate argia dago, eskuindarren 20ak gainditzeko". "Herritarrekin dugun konpromisoa irmoa da eta aurrera jarraitzen du", berretsi du.
Nafarroan gobernu "askotarikoa, etorkizunera begira egongo dena, aurrerakoia eta ezkertiarra" osatzeko beharra azpimarratu du: "Ez diogu botorik emango Navarra Sumari, hau da, Javier Esparzari, presidente izan dadin, eta ez dugu EH Bildurekin negoziatuko".
Pedro Sanchez PSOEren buruzagi eta Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak Navarra Sumarekin inbestidura negoziatzeko asmoa dela-eta, Alzorrizek esan du ez dituela PSOEren "bi bertsio ikusten". "Gobernuko presidenteari entzun nion eta egunotan esan ditudanak berretsi zituen, sintonia zegoela eta PSOE eta PSN gauza bera direla; militantziari galdetzea beharrezkoa eta loteslea zela esan zuen, eta alderdi guztiekin hitz egingo duela, Bildurekin izan ezik, eta Espainiako gobernagarritasunari buruzko bilerak egingo dituela, soilik horretaz hitz egiteko", gaineratu du.
Jose Luis Abalos PSOEren Antolakuntza idazkariak Navarra Sumak Estatu mailan egindako proposamena "zentzudun" jo izanaz galdetuta, sozialista nafarrak erantzun du Sanchezen hitzekin egiten duela bat: "PSOE eta PSN sintonian daudela".
Alzorrizek azpimarratu du lehentasunak ez direla baztertzaileak, eta Espainiako Gobernua eta Nafarroako Gobernua direla, biak. "PSOE eta PSN gauza bera dira. Garrantzitsua da Espainiako Gobernua? Noski; eta garrantzitsua da Nafarroako Gobernua? Bai horixe", adierazi du.
Bestalde, Marisa de Simon Ezkerraren bozeramaileak esan du koalizioak "konpromisoa" duela "boto-emaileekin", eta "ahal den guztia" egingo duela "Nafarroan eskuindarren gobernua galarazteko eta datozen lau urteetan egonkortasuna bermatuko duen gobernua osatzeko".
PSNk EH Bildurekin negoziatzeari uko egiteaz galdetuta, azaldu du ez direla negoziazioan inor baztertzearen aldekoak, baina aitortu du "alderdi bakoitzak bere jarrera" duela.