Politika -

Nafarroa

PSNk EH Bilduri ezarritako betoak Navarra Sumari egin dio mesede

PSNk ez du koalizio abertzalearekin bat egin nahi izan, eta Navarra Sumak gehiengo sinplearekin eskuratu ditu hainbat alkatetza.

Lizarrako Alkatetza, EH Bilduren eskuetatik, Navarra Sumarenera. Argazkia: EiTB
Lizarrako Alkatetza, EH Bilduren eskuetatik, Navarra Sumarenera. Argazkia: EiTB
PSNk ez du inongo Gobernu aurrerakoirik babestu

2:16

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSNk, bere botoa Navarra Sumarentzat edo EH Bildurentzat erabakigarria zen kasuetan, ez du horietako inoren aldeko botorik eman eta bere burua bozkatu du hainbat udaletan. Ondorioz, ordezkari gehien zituzten alderdien eskuetan geratu dira udal asko, gehiengo sinplearekin.

Horixe izan da joera nagusia Nafarroako udalen osaketan. Kasu askotan gehiengo osoak edo itunak eginda zeuden arren, udalerri garrantzitsu batzuetan zalantzazkoa zen emaitza.

Azken kasu horietan PSNren botoa erabakigarria zen udal gobernua alde batera edo bestera eramateko, eta gehienetan bere burua bozkatu du. Ondorioz, Navarra Sumaren esku geratu dira Lizarrako, Barañaingo, Burlatako eta Eguesibarreko alkatetzak, besteak beste, baina hautagaitza independenteen alde egin du Azkoienen eta Beriainen.

Bestalde, EH Bilduk alkatetza batzuk lortu ditu lauko gobernuko kide ohien babesari esker, hala nola Tafallan edo Antsoainen.

Ezusteko botoak ere izan dira, izan ere, Huarteko PSNren zinegotzi bakarra alkate izendatu dute Navarra Sumaren eta GIHren botoekin, EH Bilduk agintaldia errepikatzea galarazteko.

Gaur arratsaldean Iruñean egingo den osoko bilkuraren zain (hor ere erabakigarria izango da PSNren jarrera), Nafarroako udal gehienetan goizean osatu dituzte udalbatzak, eta arreta berezia piztu dute gehiengo osoa lortzeko itunak beharrezkoak ziren herrietan.

Barañainen, 21 zinegotzietako 8 dituen Navarra Sumako Maria Lecumberri alkate izango da, PSNko bostek hautagai sozialistari eman diotelako botoa, eta Oihane Indakoetxea EH Bildukoak (5) ez du nahikoa izan Geroa Bairekin (2) eta Podemosekin (1) gehiengo osora iristeko.

Bestalde, Eguesibar Navarra Sumaren esku geratuko da, eta Amaia Larraya izango da alkate, boto gehien jaso zituen zerrendaren buru zelako, inork ez baitu gehiengo osorik lortu Navarra Sumak 9 zinegotzi, Geroa Biak 4, PSNk 3, EH Bilduk 3, eta Podemosek eta Ezkerrak bakarra duten Udalean.

Lizarran, EH Bilduren legegintzaldiaren ostean, Alkatetza Navarra Sumak hartu du, Gonzalo Fuentesek hain zuzen. Zerrenda bozkatuena izan zen Fuentesena (17 zinegotzitako 7), eta EH Bilduk (6) eta Geroa Baik (1) PSNren (3) babesa behar zuten botereari eusteko.

Ana Gongorak (Navarra Suma) ere gutxiengoan aginduko du Burlatan. 5 zinegotzi ditu, baina EH Bilduk (4), Burlata Aldatzenek (2), Podemosek (1) eta Geroa Baik (1) ez zuten gehiengo osoa lortzen PSNren (4) babesik gabe.

Tafallan EH Bilduk jarraituko du Alkatetzan, baina oraingoan Jesus Arrizubieta izango da alkate, bere bost zinegotzien, Iniciativa por Tafallaren bien, eta Ezkerraren eta Geroa Bairen banaren babesarekin. Navarra Sumak 5 zinegotzi ditu, eta PSNk, hiru.

Antsoainen Ander Oroz EH Bildukoa izango da alkate zerrenda bozkatuena izan zelako (6 zinegotzi). Podemosek (2) eta Geroa Baik (1) koalizio abertzaleari eman diote botoa, eta PSNk (6) eta Navarra Sumak (2) euren burua bozkatu dute.

Zizur Nagusian, Jon Gondanek (Gero Bai) jarraituko du Alkatetzan EH Bildurekin eta AS Zizurrekin lotutako akordioari esker, gehiengo osoa baitute.

Berriozarren, Raul Maiza (EH Bildu) alkate izango da beste lau urtez. Koalizioko 8 zinegotzien babesa izan du, eta Navarra Sumak (4) eta PSNk (4) euren burua bozkatu dute; eta Ezkerrak, boto zuria.

Atarrabian Mikel Oteiza EH Bilduko alkateak karguan jarraituko du, zerrenda bozkatuena izan zelako, zeren Navarra Sumak (4), PSNk (2) eta Ezkerrak (1) euren burua bozkatu dute, eta Geroa Baik (3) boto zuria.

Huarten ezustekoa izan da. Amparo Lopez PSNren zinegotzi bakarrak Alkatetza eskuratu du GIH independenteen (4) eta Navarra Sumaren (2) babesarekin, EH Bilduri bidea oztopatzeko emandako botoekin.

Azkoienen ere erabakigarria izan da PSNren (1) botoa, baina Juan Carlos Castillo plataforma independenteko alkategaiaren alde kasu honetan, Navarra Sumarekin berdinduta baitzegoen zinegotzi kopuruan.

Oliten ere Alkatetzan jarraituko du Agrupemos Olite plataformak, baina Maite Garbayo alkate berriarekin. Lau ordezkari ditu Udalbatzan, Navarra Sumak bezalaxe, eta PSN abstenitu egin denez, zerrenda bozkatuenaren esku geratu da Alkatetza.

Vianan Yolanda Gonzalezek (PSN) jarraituko du alkate, bere alderdiko hiru zinegotzien, Geroa Bairen (1), Cambiemos Vianaren (1) eta EH Bilduren (1) babesarekin. Azken horren babesagatik kritika gogorra egin dio Navarra Sumak (5).

PSNtik azaldu dutenez, EH Bilduk "ezer adostu gabe" eman dio botoa. Andosillan ere gauza bera gertatu da, eta bertan PSNk (5) lortu du Alkatetza EH Bilduk boto bat eman diolako, Navarra Sumak ere bost zinegotzi baititu.

Gaur interesgunerik ez zegoen Tuteran, Nafarroako bigarren hiri jendetsuenean, Alejandro Toquero Navarra Sumakoak gehiengo osoa duelako.

Altsasun ere ezin zen ezustekorik gertatu, Javier Ollo Geroa Baiko alkateak ere gehiengo osoa baitzuen; Noainen Navarra Sumak bezalaxe.

Aoizen EH Bildurenak dira Udalbatzako hamaika zinegotziak, eta zuzenean bere eskuetan geratu da Alkatetza. Gauza bera gertatu da Arakilen, Arbizun, Beran, Donezteben, Etxarri Aranatzen, Irurtzunen, Leitzan eta Lesakan.

Egoera berean, PSNk duela 20 egun, hauteskunde egunean, lortu zituen Milagroko, Murchantgeko, Carcarreko, Arguedaseko, San Adrianeko eta Cabanillaseko alkatetzak, besteak beste.

Navarra Sumak ere maiatzaren 26tik ditu Cascanteko, Zizurreko, Cintruenigoko, Azagrako, Cadreitako, Villafrancako eta Fustiñanako udalak bere esku.

Hauteskunde egunean bertan erabakitako gainerako ia 150 alkatetzak tokian tokiko plataformentzat izan dira, tartean Arangurenen, Artaxoan eta Lodosan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea azken orduko berriak Albisteak PSN Albisteak Geroa Bai Nafarroako albisteak Tutera albisteak Udal eta Foru hauteskundeak 2015 EH Bildu Bizkaia Izquierda-Ezkerrari buruzko albisteak Burlata bideoak Gaurko azken ordukoa Lizarra Altsasu albisteak Berriozar Atarrabia albisteak Azkoien azken ordukoa Hauteskundeak Iruñeko Udala azken ordukoa Barañain azken ordukoa Navarra Suma