Politika -

Presoak

Parisko Auzitegiak atzera bota du Josu Urrutikoetxea askatzeko eskaria

Urrutikoetxearen osasun egoera larria dela azpimarratu dute haren abokatuek, baina epaileek ETAko buruzagi ohia espetxean mantentzea erabaki dute.

Josu Urrutikoetxea artxiboko argazki batean. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Josu Urrutikoetxea artxiboko argazki batean.
Josu Urrutikoetxea artxiboko argazki batean. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parisko Apelazio Auzitegiak atzera bota du Josu Urrutikoetxea aske uzteko eskaria, eta, ondorioz, ETAko buruzagi ohiak espetxean jarraituko du Espainiak horren aurka abiarazitako auziak argitu bitartean.

Urrutikoetxea zitazio guztietara joango zela agindu dute haren abokatuek (Laure Heinrich eta Laurent Pasquet-Marinacce) epaimahaiaren aurrean. Halaber, euskal presoaren osasun egoera larria dela, eta, beraz, etxean egon beharko lukeela azpimarratu dute.

Hala ere, atzera bota dute eskaria. Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera izango dute orain.  

Defentsako abokatuek Urrutikoetxea jasaten ari den tratua salatu dute. Maiatzaren 16an ebakuntza egin behar zioten ETAko buruzagi ohiari, baina egun horretan bertan atxilotu zuten, Alpeetako herri batean, erietxean sartzera zihoanean, eta irailaren 2ra arte itxaron behar izan du ebakuntza egiteko.

Aske utziz gero, Urrutikoetxea zitazio judizial guztietara joango litzatekeela agindu dute abokatuek. Ildo horretan, gogora ekarri du Louis Joinet (François Mitterrand Frantziako presidente zenaren kontseilari ohia) Urrutikoetxea bere etxean hartzeko prest agertu zela. Halaber, Urrutikoetxea kontrol judizialerako neurriak onartzeko prest dagoela adierazi dute.  

Bestalde, Pasquet-Marinacee abokatuak Fiskaltzaren jarrera "desleiala" salatu du, Espainiako Auzitegi Nazionalak egindako estradizio eskaeren jakinarazpenak igorri ez dizkietelako eta, ondorioz, defentsa behar bezala prestatzeko informazioa falta zaielako.  

Auzitegi Nazionalak bi euroagindu bidali ditu Urrutikoetxearen aurka: bata, gizateriaren aurkako krimenak egotzita, eta bestea, herriko tabernen auziagatik. Azken hori urriaren 16an aztertuko dute Parisko Apelazio Auzitegian.

Horrez gain, bi estradizio eskaera ditu: ETAk Zaragozako Guardia Zibilaren kuartelaren aurka 1987an egindako atentatuagatik, bata, eta Michelin konpainiako zuzendari baten hilketagatik (1980), bestea.

BIDEOA | Egoitz Urrutikoetxea: 'Argi dago interes politikoak daudela erabaki honen atzean'

Egoitz Urrutikoetxea: 'Argi dago interes politikoak daudela erabaki honen atzean'
Egoitz Urrutikoetxea: 'Argi dago interes politikoak daudela erabaki honen atzean'
Egoitz Urrutikoetxea: 'Argi dago interes politikoak daudela erabaki honen atzean'

1:33
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Paris Presoak Frantzia ETA Eguneko albisteak Albisteak