Politika -

Kataluniako hauteskundeak

Balizko itunak: Gobernu independentista edo koalizio ezkertiarra

Kontsultatu hemen hauteskundeen emaitzek ahalbidetzen dituzten aliantza posibleak.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako hauteskundeetako emaitzek bi bide posible marraztu dituzte Gobernua osatzeko: independentismoa edo alderdi ezkertiarren arteko batuketa. Aukera batean zein bestean, ERC izango da gakoa, baina aliatuak bilatu beharko ditu.

Igande honetan, independentismoak indartu egin du gehiengo osoa, eta lehen aldiz botoetan ere lortu du. Hori bai, egun ERCren, JxCaten eta CUPen arteko harremanak ez dira aspaldikoak bezain onak, eta ez dute erraza izango euren arteko akordioa lortzea. Horregatik, bide independentistak porrot egingo balu, ezkertiarren arteko koalizioa eratzea izango litzateke beste alternatiba, baina bide horrek ere korapilatsua ematen du, indar independentistek idatziz promestu zutelako PSCrekin itunik ez zutela egingo.

1. ERC + JXCAT

ERCk eta JxCatek berriz ere koalizioa egitea da aukeretako bat, azken legegintzaldian bezala. Oraingoan, baina, ERCk izango luke Presidentetza.

Koalizio horrek arrakasta izan dezan, beharrezkoa izango da CUPek babesa ematea, baina dagoeneko ohartarazi dute trukean anbizio handiko "ibilbide orria" eskatuko dutela independentziaren bidean.

2. ERC + JXCAT + CUP

CUP ere Gobernuan sartzea izango zen beste aukera bat. Horrela, antikapitalistek lehen aldiz izango lituzkete aginte postuetan erantzukizunak.

Dolors Sabater CUPeko zerrendaburuak atea ireki zion aukera honi hauteskunde kanpainan, baina alderdiko Kontseilu Politikoak nabarmendu zuen JxCatek eta ERCk norabide aldaketa egin beharko luketela hipotesi hori gauzatu ahal izateko.

3. ERC + EN COMU PODEM

ERCk eta En Comu Podemek ere elkarrekin gobernatu ahalko lukete, PSCk babesa emango balu.

Dena dela, nekez gauzatuko da balizko gobernu hori, Salvador Illa PSCko hautagaiak argi utzi baitu ez duela independentista bat bihurtuko Generalitateko presidente. Gobernuan CUPek eraginik ez izateko izan daiteke interesgarria aukera hau sozialistentzat.

4. PSC + ERC + EN COMU PODEM

Pasqual Maragall (2003-2006) eta Jose Montilla (2006-2010) presidente ohiek gidatutako hiruko gobernuak errepikatzea ekarriko luke formula honek.

Nolanahi ere, alderdiek orain arte iragarritako betoek ia ezinezko egiten dute aukera hau: ERCk PSCrekin itunik ez egiteko konpromisoa hartu du, eta, aldi berean, Illak ez du independentistekin gobernatu nahi.

5. ERC + JXCAT + CUP + EN COMU PODEM

Pere Aragones ERCko buruak nahiago duen batuketa da, autodeterminazioaren eta amnistiaren aldeko gobernua osatzeko, baina ia ezinezkoa dirudi, En Comu Podemek eta JxCatek ez dutelako gobernu berean egon nahi.

6. HAUTESKUNDEAK ERREPIKATZEA

CUPek ERCrekin eta JxCatekin akordioa lortuko ez balu, eta ERCren eta PSCren elkarrekiko betoek ere gobernu ezkertiarra galaraziko balute, hauteskundeak errepikatzeko aukerak indarra hartuko luke.

Hortaz, inbestidurarako hautagaiak porrot egingo balu, bi hilabeteko epea abiatuko litzateke, Parlamentuko lehen bozketatik, gobernu bat osatzeko. Hori gertatuko balitz, Ganbera automatikoki desegingo litzateke, eta 54 egunen buruan hauteskundeak egingo lituzkete.

Epe horiek kontuan hartuta, uztailaren erdialdean errepikatuko lituzkete bozak Katalunian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak Hauteskundeak CUP azken ordukoa Oriol Junqueras albisteak Junts per Catalunya Kataluniako Gobernua