Politika -

Polizia operazioa

Baionako Polizia-etxera eraman dute ETAko ustezko buru militarra

Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Aranburu haren ustezko laguntzailea igandean atxilotu zituzten, Frantzian.

Xabier Aranburu eta Oroitz Gurrutxaga
Xabier Aranburu eta Oroitz Gurrutxaga
Bi atxilotuek Baionako komisarian jarraitzen dute

01:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igandean Frantzian atxilotutako ETAko ustezko bi kideak Baionako polizia-etxera eraman dituzte, terrorismoaren aurkako borrokaren iturriek azaldu dutenez.

Oroitz Gurrutxaga ETAko ustezko buru militarra eta Xabier Aranburu haren ustezko laguntzailea 15:30ean atzeman zituzten, Caunan (Landak).

Biak auto lapurtu batean zihoazen, aipatu herriko kaleetatik, eta pistola bat eta errebolber bat zeramatzaten. Atxiloketen ostean, Poliziak Baionako komisariara eraman ditu. Espainiako Barne Ministerioak azaldu duenez, Gurrutxaga eta Aranburu ETArentzat kide berriak bilatzen ari ziren.

Baionako Polizia-etxearen kanpoaldean, Gurrutxagaren hamar bat lagun eta senide elkartu dira. Hoietako batzuk jendarmeengana hurbildu dira, eta atxilotutakoei arropa eman diezaieketen galdetu diete. Agenteek goizeko lehen ordutan itzultzeko erantzun dute.

Bi urtez arlo militarraren buru

Barne Ministerioak uste du Oroitz Gurrutxaga Gogorza ETAren arlo militarreko buru izan dela 2010etik, egitura militarreko aurreko arduradunak atxilotu ondorenetik.

Barne Ministerioak agiri batean jakitera eman duenez, Gurrutxagak ETAko kide berriak lortzeko lana zuen bere gain eta Xabier Aranburu Sagarminaga bere ustezko laguntzailea zen zeregin horretan.

Gurrutxagak eta Aranburuk Landetan ETAko kide berriekin hitzorduak zituztela susmatzen du Espainiako Gobernuak.

ETAren kontrako borrokari eutsiko diote

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak, bere aldetik, ETAren kontrako borrokari "eutsi" egingo diotela azpimarratu du, hala jokatuko dutela "ETA baldintzarik gabe desegiten den arte".

Fernandez Diazek gogora ekarri duenez, ETA ez da desegin eta "armak soinean eta dokumentuak faltsutzen dabiltzan" kideak ditu.

"ETA desegin egingo da, modu onean edo txarrean", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea