Elkarrizketak -
Eitb.com-en elkarrizketa
'Facebooken, Greenpeacen mezuak jende gehiagoren artean hedatzen dira'
Internet oso erreminta erabilgarria da Greenpeace bezalako erakundeentzat. Bizkaiko boluntario taldeak orain Facebooken duen orrialdea bere lanaren berri emateko sustatu nahi du.
Amaia Akordagoitia
Greenpeace Bizkaia boluntario taldea duela 5 urte jaio zen. Bizkaiko taldeak Nafarroakoarekin eta duela hilabete bat jaio zen Gipuzkoakoarekin batera lan egiten du. Boluntarioek delegazioek eta Greenpeaceren bulegoek egiten ez dituzten beste lan batzuetan aritzen dira. Gaur egun, Greenpeace Bizkaia hogeita hamar pertsona inguruk osatzen dute eta horietako bat da Hibai Unzueta.
Nola lagundu dezake Internetek ingurugiroaren babesean?Greenpeace bezalako boluntario talde batentzat, batez ere, bi gauzetan. Alde batetik, Interneti esker herritarrei gure jarduerei buruzko informazioa eman diezaiekegu. Gainera, ingurumena kaltetzen duten arazoei buruzko informazio zuzena jaso dezakete. Horretarako, Greenpeaceren webgunea eta Facebook bezalako sare sozialak erabiltzen ditugu. Bestetik, Internetek boluntario taldearen koordinazioa ikaragarri errazten du.
Gaur egun, sare sozialak mezua hedatzeko biderik onena al dira?Sinesten dituzten mezuak hedatzeko sare sozialak erabiltzen dituen jendea lortzea erraza da. Greenpeacek informazioa sare sozialeko lagunekin partekatzean, pertsona horiek hedatze prozesu horretan parte hartzen dute. Boluntario taldekoak ez diren askok, adibidez, gure jarduereb berri ematen dute euren sare sozialetako profiletan. Horri esker, gure proiektuak eta ekimenak jende gehiagok ezagutzea lortzen dugu.
Zeintzuk dira zuek Interneten erabiltzen dituzuen erremintak?Elkartearen jarduera guztiei buruzko informazioa Greenpeace.es webgunean biltzen dugu. Horrez gain, "ziberjarduera" sistema bat ere dugu eta horri esker, erabiltzaileek Greenpeaceren eskakizun bat babestu nahi badute, politikariei emailak bidaltzeko aukera azaltzen zaie. Hori guztia webgunetik kudeatzen dugu. Gainera, gaur egun Greenpeaceren boluntario talde bakoitzak webgune propioa izateko sistema bat sortzeko lanean ari gara.
Zein ekimenetan ari zarete lanean orain?Erakusketa bikoitza dugu orain martxan: "Photoclima" izenekoa (aldaketa klimatikoaren efektuak simulatzen dituen irudi sorta bat) eta "Transgenikoak" izeneko beste bat (gaur egun transgenikoei gaur egun ematen diegun erabilerari eta kontsumitzeak eragin ditzakeen ondorioei buruzko lamina didaktiko batzuk). Erakusketa horiek Bilboko hiritar-zentro desberdinetan eskaini ditugu. Gainera, gure ekimenez gain, beste talde ekologista batzuekin elkarlanean ari gara informazioa hedatzeko eta manifestazioak antolatzeko.