Elkarrizketak -
Eitb.com-en elkarrizketa
"Emakumeei erditzeko gai direla sinetsaraztea da 'doula' baten lana"
Ana Bacigalupe 'doula' da. Orain arte amama, ama eta izekoen esku zegoen lana egiten du berak: haurdun dagoen emakumea edo ama berriari laguntzea.
Bea Sever
Zer da ''doula'' bat?
Gizartearen egitura dela eta, amatasunaren aurrean galduta sentitzen diren emakumeen behar baten aurrean sortzen da gaur egungo doula. Aspaldian erraza zen eskarmentua zuten zure inguruko emakumeen laguntza lortzea. Zuk zeuk zure senideak erditzen eta haurrak hezten ikusten zenituen eta zerbait bazenekien. Egun, askotan, besoetan dugun lehendabiziko haurtxoa gure semea edo alaba da. Jaioberria dugu eta zelan hazi behar dugun ez dakigu.
Haurtxoak hazten eskarmentua duen pertsona hura da ''doula'', lasaitasuna eman eta egunerokoan jaioberriarekin zelan jokatu azaltzen dizu. Hasieran, erditu ondoren zegoen beharrari erantzuna emateko sortu zen, baina zabaltzen joan da eta orain lehenagotik eskatzen digute laguntza, haurdunaldian, prestatzen joateko, eta, batzuetan erditzean ere bai.
Nondik dator ''doula''ren irudia?
''Doula'' izena grekotik hartuta dago. Antzinako Grezian haurdun zeuden emakumeei laguntzen zizkieten esklaboak ziren ''doulak''. Gero, erditzean haiekin egoten ziren, nahiz eta emagina ere egon, eta amaz eta jaioberriaz arduratzen ziren lehendabiziko hilabeteetan.
Zelako onurak dakartza ''doula'' baten laguntzak?
Badago estatistika bat eta, horren arabera, ''doula'' bat dagoenean, erditzean zesarea gutxiago dago, tresneria bidezko erditze gutxiago daude eta dilatazioa azkarragoa da. Baina zenbakiak alde batera utzita, emakumeak euren buruarekin seguruago sentitzen dira. Gure lanaren alde bat da emakumeari konfiantza ematea bere gorputzean, bere kabuz erditzeko gai dela sinetsaraztea, bere haurtxoak badakiela jaiotzeko zer egin, bere gorputza prest dagoela eta bere emozioak ere bai. Segurtasun horren ondorioz, erditu ostean ere lasaiago daude, jaioberriak lasaiagoak dira eta erditze ondoko depresio gutxiago dago.
Zein da aitaren egitekoa? Ez al dira baztertuta sentitzen?
Batzuetan, okerragoa da aurretik uste duena, baina gero ''doula''ren lana zein den ikusten dute eta gure laguntza nahi duten lehenak dira. Ni senarrarekin batera egon izan naiz erditze batzuetan eta euren sentipenetan kontzentratu ahal dira, ez bakarrik emazteari laguntzen egon; semea edo alaba jaiotzen ikusi ahal dute. Batzuetan lasaiago daude beste norbaitek bere emazteari masajeak ematen badizkio eta arnasa hartzen laguntzen badu.
Zer prestakuntza du ''doula'' batek?
Hemen ez dago prestakuntza arauturik; beste herrialde batzuetan bai. Azken 3-4 urtetan prestakuntza pribatuak sortu dira, gaiaren inguruko mintegiak, baina, orokorrean, gehienak amak gara eta edoskitzearen aldeko elkarteetatik eta amatasunaren inguruko taldeetatik gatoz. Nik hamar urte baino gehiago eman ditut Esnearen Ligan eta Haurdun elkartean.
Zein da ''doula'' bat eskatzen duten emakumeen kezka nagusia?
Izututa iristen dira, ama izatea zer den jakiteko informaziorik ez dutelako edo okerreko informazioa dutelako. Zineman eta gizartean estereotipo ugari dago, eta erditze arrunt baten inguruan hitz egiten dugunean edo bideo batean ikusten dutenean, ezin dute sinetsi. Oso bestelakoa dela ikusten dute.
Zein da ''doulen'' egoera Europako beste herrialde batzuetan?
Herrialde askotan guztiz onartuta daude eta Gizarte Segurantzan egiten dute lan. Emaginak kontrolak egiten dituen bitartean, ''doula'' batek alde emozionala eta praktikoa lantzen du. ''Doula'' erditzeko unean ere badago, eta ondoren, etxean egoten da laguntzen, batzuetan bazkaria egiten edo beste seme-alabak zaintzen.
Zelan hartzen zaituzte osasun langileek?
Erietxeetan mesfidantza handia dago. Haurdun dagoen emakumearen eskubideen artean, erditzean norbaiten laguntza izatea dago. Gehienek bikotekidea hautatzen dute, baina batzuek ''doula'' bat aukeratzen dute, ez dutelako beste inor, bikotekideak beste seme-alabak zaindu behar dituelako edo emakume bat nahi dutelako ondoan. Egokiena biak egotea da, senarra aita bihurtzeko prozesua bizitzen ari delako eta ''doula'', berriz, emakumea laguntzeko dago, ez baitauka halako lotura emozionalik. Erietxeko protokoloan traba ez egiten saiatzen gara, ez dugu parte hartzen, emakumearentzat laguntza emozionala gara. Egia da osasun langile askok maitasunez eta begirunez jokatzen dutela, baina emakumearentzat errazagoa da ezagutzen duen pertsona batekin egotea. Horrez gain, osasun langileek emakume ugari dute aldi berean eta ''doula'' zuretzat baino ez dago.