Elkarrizketak -
Eitb.com-en elkarrizketa
"Errioxan urte sabatikoa irabazi nahi dut Ardoaren Oasia egiteko"
Nere Ariztoy gipuzkoarra "Urte Sabatiko bat, Errioxan" lehiaketako 8 finalistetako bat da. Irabaziz gero, Ariztoyk urtebetez doako ostatua eta soldata bat izango ditu bere ametsa betetzeko.
Amaia Akordagoitia
Nere Ariztoy kontu exekutiboa da eta urte sabatiko bat hartu nahi du, Errioxan. Hori lortzeko lehian ari da hondarribiarra Errioxako Gobernuko Turismo Bulegoak antolatutako Urte Sabatiko bat, Errioxan txapelketan. Finalisten artean egoteko eta bere ametsa bete ahal izateko, Ariztoyk bere hautagaitza eta ardoaren lurraldea sustatzeko oso kanpaina berezia diseinatu zuen. Promozio horretan, besteak beste, Sevilla, Ciudad Rodrigo eta Biarritz bisitatu ditu, eta bertan bizi izandako guztiak, yanohayvueltaatras.com webgunean kontatu ditu. Oraingoz, erabiltzaileek gehien bozkatu duten hautagaia da, baina datorren irailaren 21era arte itxaron beharko du epaimahaiaren erabakia ezagutzeko.
Zergatik aurkeztu zinen lehiaketara?
Zerbait egiteko gogo ikaragarria nuen, baina askotan ez duzu buruan dituzun ideia horiek errealitate bihurtzeko denborarik topatzen. "Urte sabatiko bat behar al duzu?" esaten zuen Errioxako Gobernuaren iragarki bat ikusi nuen eta niretzat egina zegoela pentsatu nuen. Ia 1.400 pertsonak izen eman genuen eta finalaurrekora iritsi nintzela jakin nuenean, sinestezina iruditu zitzaidan. Nire kanpaina besteak baino ikusgarriagoa izateko originala izan behar zuela pentsatu nuen eta, horretarako, nire autoan egingo genuen ibilbidea adierazten zuten eranskailu batzuk jarri nituen. Blogean, Facebooken, Twitterren, Flickerren eta YouTuben ere, nire hautagaitza ezagutzera eman nuen eta bizitako esperientzia guztien berri eman dut.
Zein da urte sabatiko horretan bete nahi duzun ametsa?
Nire proiektua "Ardoaren Oasia" izeneko ekimena da. Errioxan tabernak, jatetxeak... topatu ditzakegu, baina ardoarekin gozatzeko "chill out" moduko bat sortzea bururatu zitzaidan. Atsedena eta musika lasaia uztartzeko leku berezi bat. Ideia polita iruditzen zait, batez ere Errioxan izaten diren ilunabarrak kontuan hartuta. Oraindik garatu gabeko ideia bat da, baina bete nahi dudan ametsa da. Horren truke, Errioxako Gobernuak bi hilerik bi hilera autonomia erkidegoko leku desberdin batean ostatu emango dio irabazleari, eta hilean 2.000 euroko soldata bat jasoko du garaileak.
Nola moldatu zara zure kanpaina egin ahal izateko?
Nire adiskideen laguntza ezinbestekoa izan da. Lehiaketara aurkeztu nintzenean, besteek baino aukera gutxiago nituela pentsatu nuen. Ez nituen sare sozialak ondo ezagutzen eta kanpaina hedatzeko ezinbestekoak ziren. Gainera, jende ezagunak ere parte hartzen zuen. Hortaz, nire lagunen eta lankide batzuen laguntzarekin lortu dut egin dugun guztia aurrera ateratzea. Promozioa egin dudanean, lagunen etxean gelditu naiz lo egiten. Beste batzuek, berriz, autoa dekoratzeko erabili genituen eranskailuak diseinatu dituzte. Interneten eta kalean ezagutu behar gintuzten. Iker nire bikotekidea ere oso garrantzitsua izan da abentura honetan.
Nolakoa izan da esperientzia?
Egia esan oso esperientzia atsegina izan da. Oso gomendagarria da amets bat betetzeko horrelako abentura bat bizitzea. Bidetik topatu dudan jendea harrigarria izan da. Ezagutu dudan jendea beti laguntzeko prest izan da. Azken finean, sari honen gauza askorekin identifikatzen naiz.
Zein da oroitzapenik onena?
Bidean nirekin izan den jendea eta batez ere gertukoenena da oroitzapenik onena. Ciudad Rodrigon, adibidez, aurkezpena egiteko asmoa genuen taberna itxita topatu genuen eta oinezkoentzako kale batean egitea bururatu zitzaigun. Autoa bertaraino eramateko baimenik ez genuen, baina, azkenean, udaltzainek bidea irekitzea lortu genuen. Anekdota ugari izan ditugu. Biarritzen antolatu genuen festarako Errioxan ardoz betetako bonboi batzuk erosi nituen, baina nire kotxeak ez du aire giroturik eta, beroaren ondorioz, bonboiak urtzen hasi ziren. Bidetik topatu nituen gasolindegi guztietan izotz bila ibili nintzen, desesperatuta, eta azkenean gutxi batzuk bizirautea lortu nuen.
Zorte on...
Eskerrik asko. Irabazten badut, ardo batzuk hartuta ospatuko dugu.