Elkarrizketak -
eitb.com-en elkarrizketa
'CouchSurfinga musu truk ostatatzeko zerbitzu sarea da'
Asier Gabikagojeazkoak CouchSurfinga praktikatzen du, bidaiariak etxean musu truk ostatatzen ditu eta atzerrian ostatatua izateko aukera du. Kultura desberdinak ezagutzeko modua dela uste du.
Amaia Akordagoitia
Asier Gabikagojeazkoak 28 urte ditu eta informatikaria da. Hizkuntzak eta musika oso gustuko ditu eta, asteburuetan, mendira joateko aprobetxatzen du. Noizbehinka inguruan joan-etorriak egiteko ohitura du eta urtean hirutan gutxienez atzerrira joateko oporrak hartzen ditu. Duela lau urte, Gabikagojeazkoa CouchSurfinga praktikatzen hasi zen eta, ordutik, urrun egon arren, lagun iraunkor asko egin ditu. Gainera, CouchSurfingarekin etxetik irten gabe beste kulturak eta pentsamoldeak ezagutzeko aukera duzula esan du.
Zer da CouchSurfinga?CouchSurfing (CS) bidaiariak zure etxean musu truk ostatatzeko (eta atzerrian ostatatua izateko) sare zerbitzua da, baina sare sozial moduan ere uler daiteke. CS ulertzeko modu asko daude, erabiltzaileak bezainbeste. Zerbitzua doakoa dela iruditu arren, balio ez-monetarioa baitu, harremanetan gauza asko banatzen dira, esperientziak amankomunean jartzen dira, eta abar. Ostatatzea edo apopilo egotea ez da derrigorrezkoa, zuk nahi duzun konpromisoa izan dezakezu. Batzuek hiria erakutsi besterik ez dute egiten edo bidaiarekin kafetxo bat hartzeko elkartzen dira. Dirua ez da gauzarik garrantzitsuena CSan, pertsonak baizik. Egia da aurrezten duzunarekin leku gehiago ikus ditzakezula edo urrunago joan zaitezkeela, baina…
Noiztik eta zergatik praktikatzen duzu CouchSurfinga?2003an bidaiak nire kabuz egiten hasi nintzen eta oso ideia ona iruditu zitzaidan ostatatuen zerbitzu hau. Bakarrik bidaiatzen duzunean, beste pertsonak ezagutzeko irrikaz zabiltza eta ostatuetan batzuetan ez da hain erraza izaten. Bestela, bertako jendearekin egon nahi duzu (hango ikuspuntua ezagutzeko), eta horretarako CouchSurfing ezinbestekoa da. Duela lau urte bakarrik bizitzera joan nintzen eta bidaiariak nire etxean hartzeko prest nengoen eta, ordutik, ostatatu egin dut.
Zein da alderik positiboena? Eta eragozpenik handiena?Alde positiboak: etxetik irten gabe beste kulturak eta pentsamoldeak ezagutzeko aukera; hizkuntzak praktikatzeko aukera; jende jatorrarekin egoteko aukera; bizilekua begi atzerritarrez ikusteko gai izatea. Alde txarrak, berriz, CSak zure eguneroko ohiturak aldatzera behartzen zaitu, hori izango litzateke eragozpenik handiena, baina horrek ere malgutasuna ematen dio zure bizitzari, aldaketetara moldatzeko gaitasuna, alegia, eta emaitza baikorra ere izan daiteke beraz. Aurriritzirik gabeko pertsona irekia bazara, ez dago alde txarrik.
Zer da hobea apopilo egotea edo ostalaria izatea?Esperientzia ezberdinak dira, ni gehienetan ostalaria izan naiz, baina atzerrian ere askotan gonbidatu naute. Ostalaria zarenean, zeure etxean zaudenez, erosoago sentitzen zara. Apopiloa zarenean, berriz, bestearen mende zaude eta, hortaz, ondo aukeratu behar, pertsona horri zure konfiantza osoa emango diozulako. Aukeraketa horretan erreferentzien sistemak (beste gonbidatuek berari buruz idatzitakoa) ikaragarri laguntzen du, CSaren segurtasunaren ardatza dela esan dezakegu.
Ezaugarri hauetako zenbat esperientzia bizi izan dituzu?2003an, Bretainian lehen aldiz egon nintzen ostatatuta, Vannes hirian, baina hospitalityclub.org webgunearen (antzeko webgune bat) bitartez antolatu nuen bidaia. Lituanian, Letonian, Finlandian (2 lekutan), Bulgarian (2 hiritan), Berlinen, Norbegian, Irlandan (Dublinen, Belfasten eta Galwayen), Bartzelonan, Grezian (3 aldiz)... Guztira, 16 aldiz praktikatu dut. Bakar batean esperientzia ez zen oso ona izan. Tamalez, Eskozian ez nuen ostalari ona topatu. Ostalari bezala, berriz, ehunka esperientzia izan dira. Udan zehar ia egunero ostatatzen dut eta beste urtaroetan gutxienez hilean 3 aldiz.
Zenbatek errepikatu dute zurekin? Eta zuk, zenbatekin?Normalean, bidaiariak ez dira leku berera itzultzen, baina hemen egonaldi luzeagoak igaro dituztenak behin baino gehiagotan izan dira nirean. Nik ez dut inorekin errepikatu… baina ostatatutako batzuen etxera joan naiz.
Lagun onik egin al duzu? Eta maitasun istoriorik bizi al duzu horrelako bidaia batean?Lagun iraunkor asko, batzuk urrun egon arren. Bidaiariok asko partekatzen dugu eta adiskidetasuna naturaltasunez sortzen da. Maitasuna pertsonen arteko harreman guztietan topatu dezakegu eta era CSan ere sortzen da.
Horrelako bidaietaz fidatzen ez direnei zer esango zenieke? Animatuko al zenituzke?Ez izan beldur, mundua zabala da eta leku guztietan pertsonak antzekoak gara, asmo berberak, kezka berberak dauzkagu. CSak bere segurtasuna zeharo frogatu du, baina hori bai, zuhur joka ezazue ostalaria aukeratzerakoan eta ondo aztertu profilak eta erreferentziak.
Zein izango da zure hurrengo abentura?Urtebete daramat Asiara bidaia prestatzen, eta laster, otsailaren hasieran, habiatuko naiz (Errusian eta Japonian badauzkat ostatatuko nauten pertsonak) eta abendu inguruan itzuliko naiz. Orain arte egin ditudan bidaiekin zerikusirik ez du, hau izango baita bidaiarik luzeena eta izugarriena, benetan.