Elkarrizketak -
eitb.com-en elkarrizketa
'Huggin jaka-zorroak orain eta hemen gozatzeko aukera ematen dizu'
"Iraunkorra, erosoa eta dibertigarria" izan dadin, Iker Bereziartuak sistema berezia eta poltsiko handiak erabili ditu poltsa gisa ere erabili ahal izateko.
Amaia Akordagoitia
Utilitate-modelo gisa erregistratu du Iker Bereziartua donostiarrak huggin'' jaka-zorroa. Bereziartuak "jaken munduko labana suitzarra" dela esan du, askotariko erabilerak dituelako. Proiektua 2009an hasi zen eta "zeharkakotasunaren ideia poltsiko handien beharrarekin uztartu nahi du"; izan ere, egilearen esanetan, horri esker edukiontzi bihurtzen da. Parrandetan soinean gurutzatuta ikusi ohi dugun jertsea ordezkatuko duen jaka berezi hau salgai dago jada huggin.eu webgunean, eta laster iritsiko da saltokietara.
Zein da asmakizun honen jatorria?Jendeak jaka edo jertsea jantzita ez duenean nola eramaten duen ikusita sortu zen ideia. Batzuek gerrian lotzen dute, beste batzuek, berriz, eskuan eramaten dute... Bakoitzak modu batera lotzen du, baina parrandan edo bizikletan joaten direnean, askok eta askok gorputz-enborraren inguruan zeharka lotzen dutela ohartu ginen. Abiapuntua hori izan arren, neuk ere probatu nuen, eta modurik erosoena dela konturatu nintzen.
Nola garatu duzu proiektua?Proiektua 2009ko apirilean hasi zen gorpuzten. Orduan hasi nintzen jaka bat soinean gurutzatuta eramanda erakusten den zeharkakotasuna eta niretzat kremailerak dituzten poltsiko handien garrantzia (edukiontzi bikainak baitira) uztartzen; izan ere, erabilera ugari ditu. Hori da huggin'' izeneko ekimenaren abiapuntua: poltsiko handiak, zabalak eta erabilgarriak, hainbat gauza biltzeko balio dezan, eta jaka edota poltsa moduan erabiltzen denean eskuragarri izan daitezen.
Nola bururatu zitzaizun huggin'' kontzeptua?Izena hainbat hizkuntzatan bilatzen aritu nintzen eta, azkenean, huggin'', iruditu zitzaidan egokiena, besarkatu aditzaren gerundioak, besarkatzen, markak esan nahi duena ere islatzen baitu. Huggin'' sistemak oraina eta hemen disfrutatzeko aukera ematea nahi dugu.
Nola finantzatu zenuen proiektua?Nire ama da nire finantzarioa eta bazkidea. Bion artean, erdibana egin dugu. Lagun askoren laguntza ere izan dut produktua garatzeko edo beste hainbat gauza erabakitzeko.
Moda eta tendentziak ezagutzen al dituzu?Nire neska-lagunak gustu oso-oso txarra dudala esaten du, baina diseinatzailea naizenez, koloreekin egiten dut lan eta zerbait badakit. Hori dela eta, beltzarena oso argi daukat. Azkenean, baliabide minimoekin etekin handiena lortzen saiatu naiz. Zara edo Pull &' || 'amp; Bear denden aurkakoa dela esan genezake, ez dudalako modako jantzi bat egin nahi izan, jaka klasikoa baino; horregatik da beltza, beti jantzi ahal izateko.
Nolakoa izaten ari da esperientzia?Ekoizpena garestia izan da, batez ere botoiak ondo lotzeko aukeratu dugun ehunaren kalitatearengatik. Jakak Portugalen ekoitzi dituzte. 500 egin ditugu, eta dagoeneko 150 eskatu eta erdiak ordaindu egin dituzte. Alde ekonomikoari dagokionez, ez dut uste ekimen errentagarria izango denik, baina ikaskuntza eta esperientzia oso onak izan dira. Proiektua hasi genuenean hiru helburu nituen. Lehenengo, bidean ez geratzea eta "ondo egongo litzateke" esan baino proiektua gauzatzea zen, eta hori bete egin dugu. Bestalde, inbertitutako dirua berreskuratu nahi nuen; dirua galdu ez behintzat. Gainera, proiektu bat zerotik bideratu nahi nuen. Jantziak funtzionala izan behar zuela oso-oso argi izan dut hasiera batetik, proiektu bakarra egiten badut ere, kalitatezko zerbait egin nahi nuen behintzat, urte batzuk barru norbaiti jaka ikusten diodanean nire buruaz harro sentitzeko. Errentagarri izatea nahiko banu ere, ez dut egin errentagarria izateko, baina laugarren helburua ekimen bideragarria den ikustea izan da eta, nire ustez, horrela da.
Zer egin behar da jaka zorro bihurtzeko?Jaka arrunt bat da. Erdian kremailera bat eta ohiko jaketakoak baino poltsiko horizontalagoak ditu, horrela gauza gehiago sartzen baitira eta eskuragarriago daudelako; zeharka daudenean barruan sartutakoa erortzea errazagoa izaten da. Soinean gurutzatuta eramateko zorro bihurtzeko bi botoi automatiko pare ditu, bi har eta bi eme. Ezkerreko maukaren eskumuturraren barnealdean botoi emeak daude eta eskuinekoaren goiko aldean, berriz, arrak. Eskuineko mauka ezkerrekoaren barruan sartu eta, horrela, mauka bat bestearen barruan sartuta, bietako bat finko geratzen da. Jaka zeharka jantzi, kremailera itxi, lepoa apur bat bildu eta... listo; badago prest.