Erreportajeak -
Agiri legala
"Nabigazio Akta", Interneten erosketak egiteko ziurtagiria
Pantailen kapturen bitartez, sistemak erabiltzaileak egiten duena bideo batean jasotzen du. Zerbitzuaren balioa, hasiera batean, 5 eurokoa da.
Amaia Akordagoitia
Interneten erostea geroz eta gehiago hedatzen ari den ohitura bat da, baina webgune batean datu pertsonalak eta bankukoak uztea ez da oraindik guztiz fidagarria erabiltzaile batzuentzat. ColorIURIS enpresak eta Zaragozako Unibertsitateak Nabigazio Akta izeneko sistema berri bat garatu dute. Zerbitzu horrek erabiltzaileak bere ordenagailuan egiten duen jardueraren erregistro bat egiten du; prozesu lokalen eta Internetekoen erregistroa, hain zuzen ere. Zerbitzu berria aste honetan bertan aurkeztuko dute.
Helburua erabiltzaileak Interneteko nabigazio prozesu baten akreditazio bat izatea da. Gainera, dokumentuak indar legala izango du. Zerbitzuaren balioa, hasiera batean, 5 eurokoa da.
Europan nabigazio prozesuak ziurtarazten dituen lehen patentea da. "Edonork erabili dezake: administrazio publikoek, denda birtualek... Kasu horretan, gainera, erabiltzaileari Nabigazio Akta erabiltzeko aukera eskaini diezaiokete eta, horrela, zerbitzuari fidagarritasun gehiago eman. Erabiltzaileen kasuan, berriz, erosketa prozesuaren laburpen zifratu bat jasotzen dute", azaldu du Pedro Jota Canut ekimen honen arduradunetako batek.
Nabigazio Aktak ordenagailuaren pantailan gertatzen dena grabatzen du. Horrela, nabigatzen ari garen ordua eta data demostratu daiteke eta, batez ere, edukiak erregistratzen dira.
Funtzionamendua
Erabiltzaileak bere izena ematen duenean (izena eta pasahitza), "GRABATU" botoia sakatu eta sistema pantailak kapturatzen hasten da eta erabiltzaileak egindakoaren jardueraren bideo bat sortzen du.
Nabigazioa amaitu denean, erabiltzaileak "GELDITU" botoiari eman eta hash laburpen bat sortzen du aplikazioak. Prozesu hori disko gogorrean gorde daiteke. Horrela, karpeta batean, argazkiak, bideoak eta hash laburpena gordetzen ditu sistemak. "Edozein operaziotarako erabili daitekeen arren, erabiltzaileak erosketa prozesuan gertakaririk izanez gero, egindakoaren froga bat izango du", azaldu du Canutek.