Erreportajeak -

Eitb.com-en erreportajea

Ondasunen salmenta, krisiari aurre egiteko aukeretako bat

Salerosketa dendak eta bahitura-etxeak dirua azkar lortzeko eta ustekabean sortu diren gastuei aurre egiteko irtenbide bat dira krisi garaian.

Amaia Akordagoitia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Krisiak buru-argitasuna areagotzen du. Horregatik, etxean garbiketa egitea eta benetako erabilerarik ez duten gauzak sailkatzen ditugu. Irtenbidea objektu horiek saltzea edo bahituran ematea izan daiteke. Bahitura-etxeak eta salerosketa dendak dira orain gorantz ari diren negozioak.

Dirua lehenbailehen lortu

Euskal Autonomi Erkidegoan Cashconverters denda kate australiarrak hiru saltoki ditu: bat Gasteizen, beste bat Bilbon eta beste bat Donostian. Bigarren eskuko produktuetan espezializatutako frankizia bat da.

"Gure denda 1998an ireki genuen eta, negozioak beti ondo funtzionatu duen arren, egia da krisiarekin horrelako irtenbideak gehiago erabiltzen direla", azaldu du Donostiako dendaren arduradunak.

Gustuko ez ditugun opariak, erabilpenik ematen ez diegun objektuak... produktu horiek dira horrelako dendetan saldu ditzakegunak. "Objektuaren salneurria finkatu eta bezeroarekin akordio batera iristen gara. Kontuan izan behar da ekarritakoak duen balio sentimentalak ez duela zergatik benetako balioarekin bat egin behar", argitu du.

Horrelako saltokietan saltzen edo erosten diren gauza guztiek identifikazio zenbakia dute: "Produktu guztiek Poliziaren bulegotik pasa behar dute".

"Gehien ekartzen dituzten produktuak kirola egiteko makinak, mugikorrak, bideo jokoak, ordenagailuak, telebistak, etab. dira. Horrez gain, bitxiak ere jaso izan ditugu", esan du. Produktu horietako askok eskuratu eta denbora gutxira "magia" galtzen dute: Hori izaten da, hain zuzen ere, produktu bat horrelako dendetan saltzeko arrazoia. "Itsaspeko txiki bat izan da egin dugun salmentarik bitxiena", gogoratu du arduradunak.

Krisi garaian, erabiltzen ez ditugun objektuei errentagarritasuna ateratzea da orain desenkusa. "Ikuspegi kontua da. Orain arte jendeak erabiltzen ez zituengauzak etxean biltzen zituen", esan du.

Bitxiak bahituran eman

Hala eta guztiz ere, gure ondasunak alde batera uztea zaila egiten zaigu. Horregatik, arazo ekonomikoei aurre egiteko edo kreditu bat ahalik eta azkarren eskuratzeko beste irtenbide batzuk ere badira.

Kutxaren Bahitura-Etxeak 100 urte baino gehiago daramatza "maileguak ematen". Hasiera batean edozein objektu bahituran emateko aukera eskaintzen zuten arren, "duela 25 urtetik bitxiak bakarrik erabili daitezke", azaldu du Ruben Santos Servikutxa Bitxiak zerbitzuaren zuzendariak.

"Gemologo batek bitxien prezioa ipintzen du eta balorazio horren arabera mailegua ematen dugu", esan du. Horrela, krisiaren ondorioz, azken urteetan bitxiak bermean utzita kredituak eskatzeko ohitura areagotu egin da. Zerbitzu honen ohiko erabiltzaileak "etxekoandreak, pentsiodunak, etorkinak, saltzaile ibiltariak eta azoketako sarelosleak izaten dira". Horrez gain, Santosek uste du azken aldian bezero etorkinen kopuruak gora egin duela. Hala ere, "zerbitzua bitxiak dituen eta abalik gabeko kreditu azkar bat eskuratu nahi duen edonork erabili dezake".

Zuzendariak aipatu du bermean emandako bitxien % 94 edo 95 berreskuratu egiten dela eta gainontzekoa enkantean ateratzen dutela. Irteera prezioa "maileguaren balioaren, interesen eta gastuen araberakoa da".

Azken finean, gure egunerokoan sortuko zaizkigun beharrei aurre egiteko, benetan erabiltzen ditugun eta soberan ditugun gauzak bereizi eta pixkabat erosoago bizitzeko aukera izan daiteke erabilpenik bilatzen ez diegun gauzak saldu edo bahituran ematea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea