Erreportajeak -

Eitb.com-en erreportajea

Estresa, XXI. mendeko egunerokoaren ondorioa

Gizonezkoen % 28ek eta emakumezkoen % 39ek estresa maiz pairatzen dute. Zailtasunei aurre egiteko, adituek gaitasun kognitiboak eta fisiologikoak garatzea gomendatzen dute.

Amaia Akordagoitia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erantzun emozional bat da estresa. Maizegi errepikatzen bada, patologia psikikoa bihurtu daiteke eta, era berean, egoera fisikoan islatu daiteke. Hala ere, eguneroko betebeharrek geroz eta jende gehiagok pairatzea eragin du.

Lanak eta eguneroko ohikeriak larritasuna sor dezakete, baina familia, osasuna, dibortzio bat edo lanik gabe egotea bezalako bizi-gertakizunak edo arazo ekonomikoak ere eragileak izan daitezke. Estatuan, gizonezkoen % 28ek eta emakumezkoen % 39ek estresa oso maiz pairatzen dutela onartzen dute. Izan ere, langileen % 14,5ek lo egiteko zailtasunak ditu, % 14,1ek buruko minak ditu eta % 12,3 nekatuta sentitzen da.

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkartearen ikerketa baten arabera, estresa gehien pairatzen duten pertsonak 18 eta 44 urte bitarteko emakumeak dira, normalean oso gutxi lo egiten dutenak, erretzaileak direnak eta seme-alaba txikiak edo nerabeak dituztenak dira. Gainera, normalean, hiriguneetan bizi direnek izaten dute.

Bizirauteko prozesu naturala

"Estresa izaki bizidunek egunero aurre egin behar dioten prozesu natural bat da. Gizabanakoak bere inguruan bizirauteko eta moldatzeko egiten duen ahalegin naturala da", aipatu du Antonio Cano Vindel Doktoreak,Madrileko Unibertsitate Konplutenseko irakasleak eta Antsietatea eta Estresa Aztertzeko Espainiako Elkarteko (SEAS) presidenteak.

Estresa inguruko eskaerengatik edo eskaera horien gehiegizko interpretazioagatik sortu daiteke. Prozesu normal bat izan arren, "hasiera batean aktibazio fisiologikoaren eta ondoeza psikologikoaren lehen sintomak sortuko dira eta horiek gehiegizko nekea, lo egiteko zailtasunak, kontrakturak, tentsio muskularrak, buruko eta bizkarreko mina dira, besteak beste. Horrez gain, antsietate edo urduritasun egoera areagotu eta larritu dezake".

Denboran gehiegi luzatuz gero, prozesu patologiko bati hasiera eman diezaioke eta horrek errendimenduan, osasun fisikoan eta psikologikoan eragina izan dezake. Ondoeza horiek kronifikatzen badira, lehen osasun arazoak sortu daitezke eta arazo psikofisiologiko horiek hasierako sintomak baino serioagoak izango dira. "Hipertentsioa, arritmiak, gaixotasun koronarioa, heste narritakorra, ultzera, asma, aknea, ekzemak eta azaleko beste hainbat gaixotasun, buruko minak, min kronikoak, sexu disfuntzioak edo ugalkortasun-eza sortu daitezkeen osasun arazoetako batzuk dira", azaldu du SEAS elkarteko presidenteak.

Sendabideak

Batzuetan, mediku bat baino gehiago bisitatu beharko ditugu, baina "komenigarria izango litzateke beti antsietatean eta estresean espezializatutako psikologo bat izatea, izan ere, arazoa nola sortzen den buruzko alderdi kognitiboak hoberen ezagutuko dituena izango da", zehaztu du Canok.

Prebentzioari dagokionez, lehenik adituek informazioa gomendatzen dute. "Pertsona batek estres asko jasaten badu eta informaziorik ez badu, gertatzen ari denari buruzko esplikazio ez oso errealistak sortu ditzake eta, hortaz, bizitzen ari den prozesuaren ondorioak goraipatu", aipatu du medikuak.

Bigarrenik, informazioaz gain, Canoren ustez, pertsona batzuentzat gaitasun kognitiboak, fisiologikoak edo ohiturazkoak garatzea komenigarria da, izan ere, estresa era egokian kontrolatzeko ezinbestekoak dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea