Erreportajeak -
Eitb.com-en erreportajea
Interneten enpresa bat sortzea, negozioa egiteko modu berria
Negozio on bat egiteko ezinbestekoa da produktu on bat izatea eta ahalik eta jende gehiagorengana iristea. Bost ekintzaile birtualek Interneten duten ekimena azaldu digute.
Amaia Akordagoitia
Sarea produktu bat, marka bat edo ideia bat mundu osoan ezaguna egiteko erreminta paregabea da. Gero eta jende gehiagok hautatzen du aukera hori diru-sarrerak lortzeko. Merkatua handitu egiten da eta, horren ondorioz, lehia ere handiagoa da. Abentura horri ekin diotenek bezeroari konfiantza eta fidagarritasuna transmititu behar zaiola diote. Adituen ustez, berriz, negozio arrakastatsua izateko oinarria produktu ona izatea da.
Teknologia berriek hesiak bota dituzte eta denoi baldintza berdinetan lehiatzeko aukera eman digute. Horrela, munduko edozein tokitan bila ditzakezu bezeroak. Horregatik, Sare bidezko negozioak lan egiteko modu berri bat izan daitezke.
"Bertan ez bazaude, ez zara inor"
"Teknologia berriak etorkizuna diren mundu honetan, enpresek aukera gutxi dituzte eta teknologia horiek erabiltzeari uko egiten diotenek, batzuetan, itxi egin behar izaten dute. Gainera, teknologia berriak erabiltzen hasi diren lehenek abantaila hartu diete besteei. Gure ingurunean askotan esaten dugu: Bertan ez bazaude, ez zara inor", azaldu du Juan Carlos Garciak, eClick enpresaren sortzaileak. Enpresa txiki eta ertainentzat webguneak diseinatzen dituen Sareko enpresa bat da Garciaren ekimena.
Je Suis Coquette, adibidez, kasualitatez hasi zen Interneten. "Egun batean kamiseta batean marrazkiak egitea eta paparreko orratzak sortzea bururatu zitzaidan. Ingurukoek animatu ninduten eta, blog bat egitea erraza zela ikusita, animatu egin nintzen", adierazi du Jessica Fornerrek. "Denbora gutxi daramagu oraindik eta, hori dela eta, Sarean aritzen gara behar dugunaren bila. Horrela, denbora aurrezten dugu eta eskaintza zabalagoa da", gaineratu du Luis Santos Sette-fotografía atariaren sortzaileak. Ideia horrekin bat datoz ConArte webgunearen sortzaileak: "Internetekin dugun etengabeko kontaktu horrek behar berriak eragin ditu". Bitxien eta osagarrien diseinuan espezializatutako webgune honen sortzaileen ustez, "gogor lan egin behar da bezeroak erakartzeko; izan ere, urte pare bat barru enpresa hauek garatuta izan behar dira, Internet etengabe aldatzen ari delako eta gauza berriak eskaintzea ezinbestekoa delako. Bestela, ekimenak porrot egingo du".
Enpresa bat aurkezteko hainbat plataforma topatu ditzakegu; aukeraketa horretan laguntzea da, hain zuzen ere, eClick-en betebeharra. "Gure enpresa teknologiaren alde apustu egin nahi dutenei eskaintzen diegun plataforma bat da", esan du Garciak. "Gure proiektua arrakastatsua izateko webgune erraza eta nabigazio azkarrekoa izatea nahitaezkoa da", gaineratu du.
Aurrekontuaren arabera
Horrelako negozioak hasi nahi direnean, aurrekontua nahiko xumea izaten da, baina Internet publizitate iturri ona da. "Nire blogak urtebetean 4.000 bisita baino gehiago lortu zituenean harrituta geratu nintzen. Horretarako, beste pertsona batzuek euren webguneetan eta blogetan nire sormenei buruz doan hitz egitea oso lagungarria izan da", gogoratu du Jessicak.
Hala ere, Interneten erosketak egiteko ohitura erabiltzaileen artean asko zabaldu ez den arren, turismo alorrean hasieratik oso harrera ona izan du.
Trourist Mikel Cortesek, Jokin Bereciartuk eta Imanol Abadek sortutako ekimen bat da. Errentagarritasun ekonomikorik ematen ez duen arren, "etorkizun handiko enpresa da", sortzaileen esanetan. "Trourist bidaiariek munduko edozein lekutan bizitako esperientzia errealak partekatzeko aukera ematen duen sare soziala da. 2009an hasi genuen ibilbidea eta helburua nire bidaia berezia izateko zer egin dezakedan galderari erantzutea da", esan du Abadek. Enpresa honen arduradunen aburuz, negozio on bat egiteko ezinbestekoa da "aplikazio erraza, dibertigarria eta erabilgarria eskaintzea". Horrela, "3.000 trouristek 1.000 esperientzia baino gehiago utzi dituzte urtebetean sare sozial honetan".
Dena den, batzuetan, beste negozio askotan bezala, "kalkulagailua hartu eta irmo jokatu behar da", Luisen esanetan. "Argazkigintzan lehia handia da. Hala ere, geroz eta enkargu gehiago jasotzen ditut, batzuk webgunearen bitartez eta beste batzuk ahoz aho nire lanaren berri jaso dutelako". Azkenean, bakoitzak ahal duen errentagarritasuna eman behar dio bere plataformari. "Gure nahia jendeak prestakuntza Sarean eta era ekonomikoan jasotzea da. Horretarako, marketing eta estrategia plana egin dugu", azaldu dute ConArtekoek.
Produktu "egokia" eskaintzea eta produktu hori "saltzea lortzea" dira, Jessica Fornerren ustez, arrakasta izateko kontuan izan behar diren baldintzak, baina horretarako "zure estiloa gaur egungo beharren arabera moldatu behar duzu", gaineratu du Luis Santosek. Bitartean, Interneten duten erakusleihoa zaintzen jarraituko dute, Sareko merkataritzaguneak baitira etorkizuneko saltokiak.