Erreportajeak -

Eitb.com-en erreportajea

Ekorropa, arropa solidarioa eta jasangarria

Koopera Sarearen helburua kontsumo jasangarria sustatzea da eta, horregatik, bere bezeroak "kolaboratzaileak" dira, "ingurumena hobetzen laguntzen dutelako".

Amaia Akordagoitia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko erdigunean (Fernandez del Campo 16-18), Koopera Merkatua dago. Bertan, moda solidaritatearekin eta jasangarritasunarekin uztartzen da. "Merkataritza-gune" horretan 13 eurogatik zamarra bat, 4 eurogatik 20 balio dituen alkandora bat edo euro gutxi batzuen truke zapata pare bat edo poltsa bat eskuratu ditzakezu, besteak beste. Hori da Ekorroparen apustua, helburu sozial eta ekologiko bat lortzeko eskuragarriak diren produktuak eskaintzea.

Gune hori Euskadiko lehen merkatu solidarioa eta ekologikoa da; izan ere, leku berean errekuperatutako arropa (Ekorropa), etxetresna elektrikoak, liburuak eta jostailuak, eta bidezko merkataritzako eta ekoizpen ekologikoko elikagaiak biltzen ditu. Koopera Merkatukoaz gain, Ekorropa proiektuko beste bederatzi saltoki daude, Bizkaian.

Koopera Merkatua Koopera Sarearen ekimenetako bat da. Koopera Sarea irabazi-asmorik gabeko kooperatiba batzuen sarea da eta ingurumenarekin lotutako ekimenak antolatzen ditu. Ekintza horien helburua, gainera, egoera larrian dauden pertsonak gizartean eta lan munduan sartzea da. "Gure xedea etekin soziala eta ekologikoa ateratzea da", azaldu du Cristina Larrayoz Kooperako marketing eta komunikazio zuzendariak.

Merkatuaren 800 metro karratuak kontsumo jasangarriaren adierazle dira, proiektuaren arduradunen aburuz. "Jende guztiari kontsumo jasangarri bat egiteko aukera eskaintzen jarraitu nahi dugu. Gure bezeroek errekuperatutako arropa gure ekoizpen prozesuak uzten digun prezio baxuenetan erosteaz gain, lana sortzen eta ingurumena hobetzen laguntzen dute", esan du Larrayozek.

Oso ehuneko txiki batek gainditzen ditu kalitate estandarrak

Ez dute bigarren eskuko arropa saltzen, hori da proiektu horretako arduradunek diotena: "Errekuperatutako arropa da eta gure Zamudioko instalazioan tratamendu bat jaso du".

Bizkaitik, Arabatik eta Kantabriatik banatutako 300 edukiontzietan jasotzen duten arropa guzti horretatik, ehuneko oso txiki batek gainditzen ditu kalitate estandarrak. "Oso zorrotzak gara kalitatearekin, joerekin, ehunekin... azken finean, merkatuan gaudelako eta beste hainbat saltokirekin lehian aritu behar garelako", azaldu du arduradunak.

Facebook-en ere

Sare sozialak teknologien garai honetako jaun eta jabe bihurtu dira. Hori dela eta, Koopera ez da atzean geratu nahi izan eta duela hiru aste Facebook-en kontua irekitzea erabaki zuen. "Jendeak mundua aldatzeko gauzak beste era batera egiteko aukera jakitea nahi dugu. Kontsumitzea bezalako ekintza sinple batean, erosteko erabakiaren arabera, laguntzeko aukera duzula azaldu nahi dugu. Jendeari horren berri eman nahi diogu eta sare sozialak horretarako erreminta egokia direla pentsatzen dugu", azaldu du.

"Orokorrean, gure ohiko bezeroak beraientzat eta sendiarentzat erosten duten emakumeak izaten dira. Hala eta guztiz ere, denetarik dago, gizon askok ere erosten dute; izan ere, eskaintza oso zabala da eta lanerako jantzi bat 19 eurogatik, bakero batzuk 6,90 euroren truke edo zapata pare bat 4 eurogatik eskuratu ditzakezu", esan du Larrayozek.

Kontsumo arduratsua izaten badugu, hau da, saltoki hauetan erosketa bat eginez gero, "hobera egitea" ahalbidetzen du, eta horren ondorioz, "Koopera Merkatuko bezero kopurua geroz eta handiago da". "Horregatik, gure bezeroak kolaboratzaileak dira", azaldu du Larrayozek, eta "herritarrengana gehiago gerturatzeko, hazten joateko asmoa dugu", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea