Erreportajeak -

eitb.com-en erreportajea

Sareko neutraltasunari buruzko eztabaida

Erabiltzaileak eta enpresak datu guztiak berdin kudeatuko dituen sare baten premiaz eztabaidatzen ari dira. Horren inguruko lege bat sortzeko eskatu dio Senatuak Gobernuari.

Amaia Akordagoitia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Interneteko neutraltasuna gaurkotasuneko gai bihurtu da bai Sarean eta baita politikan ere. Abenduaren hasieran, Senatuak Gobernuari Sareko neutraltasuna bermatzeko "beharrezkoak diren aldaketak" egitea eskatzeko mozioa onartu zuen; horrela, Interneteko datuak "edukia kontuan izan gabe berdin kudeatzea" ziurtatu nahi dute.

Interneteko Erabiltzaileen Elkartearen ustez, mozioa onartzeak Senatuak erabiltzaileek neutraltasunaren alde eskatutakoa "babestu" duela esan nahi du. Horren ondorioz, "oso baikor" hartu dute "Espainiako Informazio Gizartearen garapenaren alde apustu egiteko alderdi guztien artean lortutako adimena"; izan ere, "Gobernuak Sareko neutraltasuna bermatzeko lehen pausoa da".

"Senatuak onartutakoa lehen urratsa da, baina helburua Senatuak Gobernuari gai honi dagozkion legeak eskatzea da, Senatuak ezin baitu besterik egin. Mozioak argia eta laburra izateaz gain, Sareko neutraltasunaren definizio bereizezina jaso behar zuen", esan du Enrique Dans IE Business Schooleko Informazio Sistemetako irakasle eta blogariak.

Erabiltzaileen arteko bateratasuna

"Kontzeptu askorekin nahasi eta kutsatu nahi izan den eztabaida bat da eta, horrela, zentzurik gabeko ikuspuntu asko sortu dituzte. Eskatzen ari garen gauza bakarra Internetek orain arte bezala funtzionatzen jarraitzea da", azaldu du Dansek.

Sareko neutraltasuna mehatxatuta ikusita, erabiltzaileak Internet denontzat berdina izatea eskatzeko bildu dira. Interneteko erabiltzaileen manifestuaren ostean jaio zen Redneutral.org. Webgune horren sortzaileek "Internet egunero komunikatzeko, lan egiteko edo ondo pasatzeko" erabiltzen duen taldea direla diote eta, gainera, ez dute Sarea "Interneten ikus daitekeen informazioa kontrolatzeko tentazioa duten enpresen esku" utzi nahi.

Legeen bila

Internet zerbitzariek Sareko azpiegituretara sarbidea izango balute, euren negozio ereduak gora egingo luke, baina Interneten aritzeko erabiltzailearen ;skatasuna, berriz, urrituko litzateke, telefonia konpainia handiek hitzartutako akordio ekonomikoen menpe egongo liratekeelako. Hori dela eta, Internet sortzeko oinarri nagusietako bat suntsituko litzateke, hau da, Internet guztientzat berdina izatearena.

"Sareko neutraltasunak ez du zerikusirik abiadurarekin, prezioarekin... operatzaile bati epaile lana egiten ez uztea da; azkar edo motel doan informazioa zein den erabakitzen ez uztea, alegia. Hori gertatuko balitz, berrikuntzarekin amaituko genuke", azaldu du Dansek. "Adibide bezala, Interneten saltzeko ideia on bat bururatuko balitzaigu, gaur egungo Interneteko ereduarekin ez genuke webgune bat egiteko eta gure eskaintzaren berri emateko arazorik izango. Baina gure byteak azkarrago joateko zerbitzariak gehiago kobratuko baligu guk kopuru hori ordaintzeko ahalmenaren arabera onartuko genuke jarritako prezioa. Eta okerrena, zerbitzariak zure ideia ona dela pentsatuz gero, kopiatu eta abiadura gehiagorekin eskaintzeko aukera izango luke. Horrek zerbitzariak gustukoen duten egoeran jarriko lituzke eta, ondorioz, berrikuntzarekin amaituko genuke", esan du Dansek. Hortaz, irakasleak adierazi duenez, "Internetek orain arte izan duen neutraltasuna mantentzea da helburua; hau da, zerbitzariak byteak alde batetik bestera bidaltzeko gaitasuna bakarrik izatea".

Horregatik, Red Neutral elkarteak defendatzen duenaren arabera, "herritarrek eta enpresek sortutako edo jasotako datuen trafikoa edukiaren, protokoloaren, jatorriaren edo helmugaren arabera inork ez manipulatzeko, aldatzeko, eragozteko, desbideratzeko, lehentasuna emateko edo atzeratzeko eskubidea dute". Gainera, "trafiko hori komunikazio pribatua da eta edukia epaile baten aginduarekin bakarrik espiatu, artxibatu edo azter daiteke", horien iritzian.

Neutraltasunaren aurkakoak

Bob Khan Interneteko Protokoloaren sortzaileetako batek, bestalde, "Sareko neutraltasun" hitzak slogana direla uste du eta ideiarekin bat ez datorrela adierazi du. Horrez gain, neutraltasuna onartuz gero, Interneten gauza interesgarririk gertatuko ez dela ohartarazi du Khanek. "Helburua jendeak gauza berriak egitea sustatzea bada, gaitasun berri hori zuzenduko duen norbait beharrezkoa da, eta hori, ziur asko, bere Sarean egingo dute, eta ez beste batzuen Sarean", esan du.

Orain, "hurrengo pausoa Gobernuak mozio hori lege proiektu bihurtzea da. Erabaki beharreko dxehetasun horiekin guztiekin gogor arituko dira zerbitzariak, eta herritarrek arreta berezia jarri beharko dute", azaldu du Dansek. "Etorkizunean erabiliko dugun Internet ereduari buruz hitz egiten ari gara eta, zerbitzariek irabazten badute, ordainpeko telebista bihurtuko da Sarea", irakaslearen aburuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea