Erreportajeak -
eitb.com-en erreportajea
Denbora Bankua, krisiari aurre egiteko trukean aritzea
Denborarekin ordaintzea zailtasun ekonomikoak ez pairatzeko irtenbide bat da. Hori da, hain zuzen ere, denbora banku baten helburua, zerbitzuak trukatzea eta horiek orduekin kudeatzea.
Erredakzioa
Krisi garaian arazo ekonomikoei aurre egiteko irtenbideen bila aritzen gara. Batzutan, gure bizitzeko era aldatzen dugu eta hori da, hain zuzen ere, denbora bankuek proposatzen dutena; izan ere, zerbitzuen trukearen ekonomia gure poltsikoarentzat oso onuragarria izan daiteke. Euskadin, duela hamarkada bat baino gehiago jarri zituzten martxan horrelako proiektuak eta geroz eta gehiago dira kontsumitzeko era honekin bat egiten dutenak.
Horrela, denbora banku batek gure denbora, trebetasunak eta ezaguerak partekatzea proposatzen digu. Hori da ekimenaren helburu nagusia, besteei zerbitzuak eskaintzen dizkieten pertsonak eta trukean besteek behar dituztenak biltzen dituen erakunde bat izatea. Hori dela eta, krisi garaian, trukean aritzea aurrezteko modu bikaina izan daiteke sendi batentzat.
"Denbora bankua zerbitzuak edo jarduerak trukatzeko biltzen diren pertsonen talde bat da. Moneta denbora, orduak dira", azaldu du Pilarrek, Gasteizko Denbora Bankuko arduradunak. Ezaugarri hauetako banku batean denbora da erabili daitekeen moneta bakarra. Zerbitzu guztiek balio berdina dute, egiteko behar den denbora, eta trukearen unitatea orduak dira. "Batez ere jendeak eskaintzen duen zerbitzua gustuko izatea bilatzen dugu", gaineratu du.
Gizonen eta emakumeen eta adin desberdineko pertsonen arteko kooperazio zerbitzuak sustatzea eta denbora eta trebetasunak partekatzea da helburua. "Gure xedea jendea trukean aritzera ohitzea da. Horrez gain, gaztetxoenei trukean aritu daitekeela erakutsi nahi diegu", esan du.
Gainera, denbora bankua "baliabide ekonomikorik ez duen jendearentzat ere onuragarria da". "Une honetan, krisi garaian izan arren, gehiegi kontsumitzen dugu eta kontsumitzeko behar horren erruz gaizki pasatzen duen jendea dago", uste du Pilarrek. Horregatik, koordinatzailearen ustez, horrelako ekimenek "gazteentzat eta adinekoentzat ere onura soziala eragiten dute"; izan ere, besteak beste, "laguntasuna, solidaritatea eta kolaborazioa" transmititzen dira.
Emakume gehiago
"Gaur egun, Gasteizko Denbora Bankua 290 pertsonak osatzen dugu, horietatik % 75 emakumeak gara. Egia da emakumeak beti izan dugula biltzeko, erlazionatzeko eta parte hartzeko gaitasun gehiago. Bestalde, hasiera batean batik bat adineko jendea elkartu genuen arren, orain adin guztietako pertsonak bildu ditugu", adierazi du Pilarrek.
Zerbitzuek ez dute elkarrenganakoak izan beharrik. Hau da, norbaitek zerbitzu bat eskaintzen duenean, jasotzen duenak ez du pertsona horri zerbitzua itzultzeko beharrik, edozein bazkidek beste batek eskaintzen duena eskatu dezake.
Denborak aurrera egiten duen heinean, zerbitzuen eskaintza eta eskaria handitu egiten da. "Gure denbora bankuan adin guztietako jendea biltzen da, 17 urteetatik 70 baino gehiagora arte. Horrekin ere belaunaldi desberdineko jendearen arteko harremanak sustatzen ditugu", azaldu du Pilarrek.