Erreportajeak -

eitb.com-en erreportajea

L'atelier, modan lehen pausoak emateko txokoa

Donostiako Bretxa merkataritza-gunean, hiru diseinatzaile gaztek euren ibilbide profesionala hasteko aukera topatu dute.

Amaia Akordagoitia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

L''atelier txokoa Kulturmoda&' || 'nbsp; joan den urrian Donostian antolatutako diseinatzaile gazteen lehen azokan jaio zen. Hitzordu horretan sortzaile bakoitzak bere lana aurkezteko postua izan zuen eta bertan ezagutu ziren Leire Laparra, Casilda González eta Mireia Centeno diseinatzaileak. Orain, hiruen ibilbide profesionala gune berezi honetan hazten hasteko bildu da.

"Duela hilabete batzuk Donostiako Bretxa merkataritza-guneak diseinatzaile gazteei hutsik zeuden merkataritza-lokalak uzteko proiektua martxan zuela jakin genuen", azaldu du Mireia Centenok. Horrela, eskakizuna bidali eta aste gutxira sortutako diseinuak erakusteko Alde Zaharrean kokatutako gune hori eskuratu zuten.

Hiru txoko, hiru estilo

Denda hiru gune independenteetan banatzen da eta horietako bakoitzean diseinatzaile bakoitzak bere sorkuntzak ditu erakusgai.

Leire Laparrak batez ere arropa diseinatzen du, baina poltsak, diru-zorroak eta lepoko zapiak ere sortu ditu. "Ekainean bukatu nituen ikasketak eta hemen proiektu amaierarako egin nuen Chillidaren lanetan oinarritutako bilduma daukat. Hala ere, jantzi horiek saltzea zaila izango zela nekien eta, horregatik, nire estiloa islatzen duten, baina merkeagoak diren, kamiseta batzuk ere egin ditut. Horrez gain, oihalak margotzea gustuko dut eta teknika horrekin, lepoko zapi batzuk egin ditut. Ez zaizkit oihal estanpatuak gustatzen eta nahiago dut landuak daudenak gehiago lantzen jarraitzea", adierazi du Laparrak.

"Nire kasuan ere, ikasketak amaitu nituenean, arropa batzuk diseinatu nituen, baina moda diseinuaz gain, psikologia ere ikasi dut eta denboraz larri ibili naiz. Horregatik, paparreko orratzak eta burukoak egin ditut batik bat, material eta denbora gutxiago behar delako", esan du Mireiak. Gainera, produktu horiek aurretik ere beste denda batzuetan salgai jarri izan dituela adierazi du. L''atelier sortu zutenetik, Mireiak kamisetak ere sortu ditu. "Azkenean, lanarekin aurrera egin ahala sortzen duzu", uste du. Mireiaren azken bildumak My Minnie izena zuen eta marrazki bizidunetan inspiratu zen. Hori dela eta, tantoetako oihalak eta lazo handiak erabili zituen.

L''atelier proiektuko hirugarren kidea Casilda Gonzalez da. Gonzalez arkitektoa da, baina diseinatzea zaletasuna du. Duela urtebete, Marisildak izeneko paparreko orratzak sortzen hasi zen. "Marisildak panpin itxura duten eskuz egindako paparreko orratzak dira. Horregatik, denak desberdinak dira eta ez dute tamaina bera izaten", adierazi du sortzaileak bere webgunean. Gainera, poltsak, lepokoak eta diademak ere egiten ditu.

Sarea publizitatea egiteko plataforma

Mireia (Tu Estilista) eta Casilda blogariak dira eta egiten duten lanaren berri emateko modu egokiak direla uste dute. "Facebook sare soziala eta gure blogak publizitatea egiteko plataforma onak izan dira", esan dute.

Laparra, berriz, oraindik ez da Sareko alor horietan barneratu: "Egia esan ez daukat denborarik, baina egin behar dudala uste dut. Hala ere, nire lankideek behin eta berriz errepikatzearen ondorioz laster egingo dudala iruditzen zait".

Etorkizunera begira, zuhur jokatu nahi dute, abentura berri hau nola garatzen den ikusi nahi dute. "Agian, hilabete batzuk barru gune bat alokatzea errentagarria zaigun aztertu beharko dugu. Orain, ekimen honi esker horrelako esperientzia batek zer suposatzen duen ikusteko aukera dugu", ondorioztatu du Mireiak. "Norbaitek gunearen alokairua ordaintzen duen arte izango gara hemen", esan du Laparrak; izan ere, L''atelier ez da ohiko negozio bat, baina hasteko aukera bat izateko grina du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea