Erreportajeak -
eitb.com-en erreportajea
Gaixoen belaunaldi berria Interneten
Internet erreminta arriskutsua bilakatu daiteke osasunari buruzko bilaketak egiten dituztenentzat. Horregatik, medikuek informazio fidagarria kontsultatzea gomendatzen dute.
Erredakzioa
Internet osasunari buruzko informazioa topatzeko gero eta gehiago erabiltzen den erreminta bat da. Sarea erabiltzaileentzat lagungarria izan daitekeen arren, informazioa jasotzeko geure iturri bakarra bada, hainbat arazo eragin ditzake. Espainiako erabiltzaileen hiru laurdenek Internetera jotzen dute osasunari buruzko zalantzak argitzeko. Bilaketa gehienak gaixotasun arruntei, familia-plangintzari, osasun mentalari eta estetikari buruzkoak izaten dira.
Interneti esker, informazio eskuragarriago dago eta horrek gaixoaren profila aldatu du; izan ere, medikuarengana askoz ere informazio gehiagorekin jotzen du gaixoak. Internetek, gainera, erabiltzaileen arteko komunikazioa eta edukien argitalpena errazten du. Hala ere, bilatzaileak Interneten osasunari buruzko informazioa lortzeko gehien erabiltzen diren plataformak diren arren, eraginkortasun zalantzagarria dute. Gainera, osasun zerbitzuek eskaintzen dituzten informazio zerbitzuak oraindik ere eskasak dira eta, azkenean, gaixoek informazio ugari duten, baina fidagarriak ez diren, Interneteko atarietara jotzen dute.
"Ezinbestekoak izan behar duten bi ardatz daude. Alde batetik, jendeak kalitatezko informazioa non topatu dezakeen jakin behar du. Bestalde, irakurtzen duena interpretatzen ere jakin behar du. Internetek arriskuak ere baditu eta, horregatik, sendagaiek bezala, albo ondorioak izan ditzake", uste du Iñaki Etxebarria Landako-Durango anbulategiko familia medikuak. Etxeberria, gainera, Salud-ando 2.0 blogaren egilea da.
Ikerketa baten arabera, Internet osasunari buruzko informazioa bilatzeko erreminta bezala erabiltzeek gaixoarengan larritasuna eragin dezake, batez ere bilaketak autodiagnosia egiteko erabiltzen direnean. Horren ondorioz, gaixo dagoela somatzen dutenean bilatzailean sintomak begiratu eta emaitza larrienak aukeratzen dituen gaixo mota berria sortu da.
"Aukerarik onena informazio hori eskuratzea eta, ondoren, medikuaren laguntzarekin interpretatzea izango litzateke", esan du Etxeberriak.
Kalitatezko informazioa
Ikerketen arabera, osasunari buruzko informazioa eskaintzen duten webguneen erdiak ez ditu kalitatezko eremu minimoak gainditzen. Gaixoak kalitate txarreko informazioa edota datu faltsuak eskaintzen dituzten webguneak topatu ditzake."Erabiltzaileak bisitatzen ari den webgunea nork egiten duen jakitea oso garrantzitsua da; izan ere, osasunari buruzko informazioa ezin da era anonimoan saldu. Gure kasuan, HON (Health On Net) ziurtagiria dugu", azaldu du Ramon Ugarte Gasteizko Olaguibel anbulategiko pediatrak. Ugartek eta Olaguibel osasun zentroko pediatria saileko gainontzeko medikuek eta erizainek, Haurrentzako Osasun Programari buruzko zalantzak argitzeko, Pediaguibel blog berezia sortu dute.
Sarean topatu dezakegun informazioa orientagarria izan daiteke, baina ezin du sekula medikuaren lana ordezkatu. Interneten osasunari buruzko informazioa bilatzen denean, lehenik eta behin informazio horren iturria aintzat hartu behar da.Osasunari buruzko webgune batek ziurtagiri bat lortzeko zenbait baldintza bete behar ditu. "Informazioak ez du medikua ordezkatu behar, informazioa eskaintzen duten pertsonek benetakoak izan behar dute, informazioa noizkoa den jakiteko edukiaren data zehaztu behar da eta informazioak osagarria izan behar du", azaldu du Ugartek.
HON ziurtagiriaz gain, webguneak eskaintzen duen informazioa kalitatezkoa dela frogatzeko beste ziurtagiri batzuk ere daude. Horien artean da, adibidez, Bartzelonako Medikuen Eskola Ofizialaren "Web Médica Acreditada" (WMA) izenekoa. Googlerekin elkarlanean, WMA Google Search erreminta ere sortu zuten.
Horrez gain, QUATRO (Quality Assurance Content Description) proiektuari esker ere erabiltzaileak bisitatzen duen webgunea fidagarria den jakiteko aukera du. Programa nabigatzailean instalatu behar da eta, webgunearen kalitatea aztertu ostean, ikono txiki batek egokia den adierazten du.
Osasun zerbitzu hibridoa
Internet profesionalentzako ere tresna erabilgarria izan daiteke. Medikuek informazioa azkar eskuratzeko edo alderatzeko erreminta dute. Hala ere, gaur egungo osasun zerbitzuak Internetek eskaintzen duen aukera aprobetxatzen al du? Tresna egokien bitartez, profesionalek gaixoekin eta beste mediku batzuekin harremana hobetu ahalko lukete.
Osasun zerbitzu hibridoa izateko, fisikotik birtualera salto egin behar dugu, baina era naturalean izan behar du. "Osasun hibridoa mundu birtuala eta fisikoa elkarrekin bizi direna da. Hibrido kontzeptuak 2.0. munduaren eta medikuaren kontsultaren artean dagoen pausoa oso naturala dela azaldu nahi du. Hau da, fonendoskopioarekin medikuak gaixoa auskultatzea eta, ondoren, beste mediku batzuekin Internet bidez informazioa eztabaidatzea", azaldu du Etxeberriak. Raquel Benito Gurutzetako ospitaleko antolaketa teknikoarekin batera, Iñaki Etxeberriak Sanidad Híbrida izeneko ataria kudeatzen du.
"Nire ustez, medikuaren eta gaixoaren arteko harremanean beste komunikazio erreminta batzuk erabiltzen hastea gaur egungo erronketako bat da. Ez naiz helbide elektronikoari buruz ari, noski, hori dagoeneko zaharkituta dago, gaixoen sareei buruz ari naiz. Hemen, Euskadin, ez da gertatzen, baina beste kasu batzuetan medikuek Twitter erabiltzen dute gaixoekin harremanetan egoteko. Hori lortzeko oraindik lan asko egin behar dugu; izan ere, kulturan aldaketa lortu behar dugu", azaldu du Etxeberriak.
Informazioaren eta Komunikazioaren teknologiak aintzat hartzen ditu Osakidetzak bere estrategian. Duela gutxi, Osakidetzak Kronet gaixotasun kronikoak dituztenentzako sare soziala aurkeztu zuen. Horrez gain, Teki sarea ere existitzen da. "Gaixoaren eta medikuaren arteko komunikazioa sustatzeko plataforma bat da, baina gauza zehatzetarako bakarrik erabiltzen da", azaldu du Etxeberriak. Hala ere, medikuaren aburuz, "oraindik asko dago egiteko" eta "mundu berri horretan zuhurra izan behar da".