Erreportajeak -
Ekimena, Interneten
Muxote Potolo Bat, Saretik munduari irribarre egiteko txokoa
Muxote Potolo Bat komunitateak sentimenduak marrazkien, hitzen eta koloreen bidez irudikatu eta afektuak sustatu nahi ditu, Facebook erabiliz.
A.A.
Muxote Potolo Bat (MPB) baikortasunari, alaitasunari eta beste mundu bat posible dela sinesteari irekitako leiho bat da, Miryam Artola MPBren sortzaileak azaldu duenez. Marrazkien eta hitzen bidez, Artolak, Alboan gobernuz kanpoko erakundeko Nazioarteko Kooperazioaren alorreko arduradunak, eta bere lagunek "mezu positibo bat, besarkada bat, laztan bat... helarazteko komunitate bat" sortu dute, Interneten.
Duela urtebete, Artolaren lagunek txikitatik egiten dituen marrazkiekin proiektu bat hasteko animatu zuten, eta orduan jaio zen Muxote Potolo Bat webgunea. Orain, bost pertsona ari dira lanean MPB hazten jarraitzeko; horrela, urtebeteko ibilbidean, Muxote Potolo Bat ekimenak 1.500 jarraitzaile baino gehiago lortu ditu Facebooken, eta 300 harpidedun baino gehiago, blogean. Online denda ere estreinatu berri dute. "Produktua aitzakia da, eta emozioa, sentimenduen espresioa, funtsa", azaldu du arduradunak.
"Ireki berri dugun online dendan jendeari aukeratzen duen emozioarekin kamiseta bat, eranskailu bat, lamina bat... egiteko aukera eskainiko diogu", esan du Artolak.
"Eeeeeegun on munduari"
Mensaje en una botellaEmozioak transmititzeko eta sentimenduen mundua indartzeko, Muxote egunero dago Facebooken. "Egunero ni naizela suposatzen den Muxoteren marrazki bat argitaratzen dugu. Irudiak Muxoteren (nire) umorearen gorabeherak islatzen ditu. Egunero daude 'Eeegun on' esateko arrazoiak", azaldu du Artolak.
"Marrazkiak garrantzitsuak dira, baina proposamenaren oinarrian, Muxote nola sentitzen den erakusten du eta jendeak sentimendu horrekin bat egiten du. Ez da ekimen jendetsua, baina pixkanaka-pixkanaka lagun gehiago biltzen ari gara", esan du Muxoteren sortzaileak.
"Nire lanarengatik, asko bidaiatzen dut, eta errealitate oso zailak ezagutu ditut. Gainera, norberaren bizitza pertsonalean ere, momentu gogorrak bizi behar izaten ditugu. Azkenean, MPB emozioak espresatzeko txoko bat bihurtu da, eta jendeak bakarrik ez dagoela eta beste mundu bat posible dela pentsatzen duten pertsonak daudela ikusteko ere balio du", esan du Artolak.
Helburua gaur egungo errealitateari buruzko mezuari aurre egitea eta "krisi bat, tristura baino gehiago garela erakustea da".