Sakonean -
Elkarrizketa eitb.com-en
"Ehun zaldi basamortuan korrika egunsentian, ikaragarria da"
19 urte zituela, Uma Ereñoko baserritik abiatu zen Dubaira, munduko zaldi lasterketarik gogorrenetan lehiatzeko: ehun zaldiko baino gehiago orduak eta orduak basamortuan zehar.
Bea Sever
Zelan sortu zitzaizun Dubaira joateko aukera?
Nik hemengo lasterketetan hartzen nuen parte eta Dubain lan egiten zuen entrenatzaile eta manager bat ezagutu nuen. Hark hango lasterketa batera gonbidatu ninduen. Pare bat aldiz parte hartu eta gero, gonbidapen gehiago egiten zizkidaten. Joan eta etorri egiten nuen Leioan ikasketekin jarraitu ahal izateko eta, azkenean, ia taldekide bat gehiago nintzenez, bertan geratzea eta Dubaiko unibertsitate amerikarrean ikastea eskaini zidaten.
Zerk harritu zintuen gehien bertara iritsi zinenean?
Harrigarriena zaldiak dira, hain dira onak denak! Ondoren, basamortuak harrapatu ninduen, baita hango arkitektura ikusgarriak ere. Basamortua, hain leku garbia eta forma organikoduna, zerua ukitzen duten eraikin horiekin kontrajarria...oso deigarria da.
Zelakoak dira zaldi lasterketak Dubain?
Sistema hemengo berdina da, nazioartekoa baita, epeka, ohiko kontrolekin, etab. Iraupen lasterketak dira, 120 edo 160 kilometrokoak, zaldien maratoiak. Baina abiadura eta animalien kalitatea askoz handiagoak dira han. Hemen lasterketa bat 14 ordukoa izaten da, han 8koa eta munduko zaldirik onenak han daude Europan, Amerikan edo Australian erosten baitituzte. Horrez gain, hemen lagunarteko kirola da, familiartekoa. Han oso profesionala da, kirol honetako Bat Formula da. Taldean bakoitzak bere lana dauka, denetarik dago: ferratzaileak, albaitariak, zaldikoak... Oso profesionalizatuta dago eta, horri esker, munduko marka guztiak Dubaiko pistan egin dira.
Zelakoa da zure eguneroko bizitza?
Goizean unibertsitatera joaten naiz eta arratsaldean, irteten naizenean, zalditokira joaten naiz eta zaldi pare bat entrenatzen dut, igeri egitera eramaten ditut eta ohera joaten naiz. Asteburuetan lasterketak izaten ditut beti. Hemen zaldi bat prestatzen dut eta urtean bi edo hiru lasterketa egiten ditut, baina han astero lehiatzen gara. Entrenatzeko gai naizen baino zaldi gehiagorekin lehiatzen naiz.
Zelan egiten duzue lan zure taldean?
Nire taldea Fazzá deitzen da eta munduko onenetarikoa da. Zaldiko asko gara, gehienak Indiakoak dira, batzuk arabiarrak, Frantziako neska bat eta ni. Egunero bost hizkuntza erabiltzen ditut: euskara amarekin hitz egiten badut, gaztelania, frantsesa, ingelesa eta arabiera pixka bat. Ehun zaldi baino gehiago ditugu. Ikasten ez dauden zaldikoek egunero lau zaldi entrenatzen dituzte, baina nik bi entrenatzen ditut. Zaldiak igeri egiten jartzen ditugu, igerilekua dute lau edo bost luze egiteko eta horrela lan egiten dute hankak arriskuan jarri gabe. Ondoren, atera egiten ditugu.
Zelakoa da lasterketa egun bat?
Lasterketa eguna egunsentian hasten da, ehun zaldi baino gehiago basamortuan korrika...ikaragarria da. Egunsentia basamortuan, apatxen soinua, zaldiak hondarra altxatzen... Aldi berean, laguntza taldeetako ehun auto baino gehiago joaten dira zaldien atzetik dunen artean. Europan laguntza puntuak ezartzen dituzte, baina han zaldien atzetik joaten dira eta uneoro freskatzen dute; beraz, zaldiek marka hobeak egiten dituzte.
Zenbat denbora emango duzu Dubain?
Urte ugari emango nituzke han, baina ez dut epe luzera pentsatzen. Ikasketak amaituko ditudala baino ez dakit, eta horrek markatuko du hurrengo urteetan egiten dudana. Esperientzia paregabea da eta lasterketak horren parte bat dira. Zaldiek, nire betiko zaletasuna, Ekialdea eta Mendebaldea bateratzen diren leku batean bizitzeko aukera eman didate, kultura aniztasuna ohikoa den leku batean bizitzeko aukera. Lehiaketak alde batera utzita, nik hori estimatzen dut gehien. Basamortu bat da, baina hiri ikaragarria sortzen ari da, bizipen ezberdinak dituen mundu osoko jendearekin. Mapan begiratzen duzu eta honakoa etortzen zaizu burura: hau bai anabasa! Baina zerbaitegatik gaude hemen, borrokan, bakoitza bere moduan, batzuk zaldi gainean.