Sakonean -
eitb.com-en erreportajea
Iruzurrak ugaritu egiten dira Interneten, opor garaian
Bidaiak egiteko eskaintza tentagarriak iruzurra izaten dira askotan, Interneten. Kontsumitzaileen elkarteek uda honetan salaketek gora egin dutela adierazi dute.
Amaia Akordagoitia
Geroz eta gehiago kontsumitzen dute erabiltzaileek Interneten eta turismoa izan da esparru horretan arrakasta gehien lortu duen sektoreetakoa. Hala ere, kontu handiz ibili behar da Sarean; izan ere, geroz eta iruzur gehiago egiten ari dira Interneten saldutako bidaien bitartez. Ostatu hartzeko eskaintza erakargarriak eta bidaiatzeko txartel merkeak dira Sarean topatu ditzakegun tentazioak, baina fidagarriak al dira? Uda honetan, adibidez, 1.000 bat pertsonak Siente Tailandia webgunean maula egin dietela salatu dute eta, Erabiltzaile eta Kontsumitzaile Independenteen Federakuntzak (FUCI) salatu duenez, iazko epe berdinarekin alderatuta, oporrei buruzko erreklamazioak eta kontsultak % 10 igo dira.
Oporretarako apartamentu bat alokatzean izaten dira, gehienbat, iruzurrak. "Kontsumitzaileak alokatu duen etxea benetan alokairuan utzi dion pertsonarena dela konprobatu behar du, hori frogatzen duten dokumentuak lortu behar ditu", esan du Gustavo Samalloa FUCIko presidenteak. Horrekin bat dator Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketa (EKA/OCUV) eta titulartasun hori jabetza-erregistroan kontsultatu ahalko dugula adierazi dute bertatik. "Kontsumitzaileak askoz ere babes txikiagoa du Interneten eta, hori dela eta, ezinbestekoa da etxea alokatu aurretik argazkiak eta lekuari buruzko ezaugarriak eskatzea, salaketa egin behar izanez dokumentazio hori behar izango baitugu", esan du Mikel Muñoz EKAko abokatuak.
Horrez gain, FUCIren arabera, lehen kontaktua egin ostean, ez da dirurik bidali behar eta, hala eskatzen badigute, ohiko ordainketa bideak erabiltzea gomendatu dute, bertan agertuko baita zer alokatu dugun eta zenbat denborarako.
"Delituak dira, dirua irabazteko asmoa dagoelako, eta, hortaz, maula egin badigute, lehenik eta behin polizia-etxe batean edo guardiako epaitegi batean salaketa egin behar da, baina jatorrizko herrian", azaldu du Muñozek.
Benetako kasuak
Uda honetako kasurik ezagunenetako bat Siente Tailandia webgunearena da. Iruzur horrek 1.000 bat pertsonari egin die kalte. Maiatzean, Tortosan (Tarragona) bizi zen Pedro Marti Alcantarak bere webgunean bidaia kontratatu zuten 1.000 pertsona ingururi mezu elektronikoa bidali zien. Budisten festa batengatik gestioak atzeratuko zituela argitaratu ostean, itxita zegoela esan eta desagertu egin zen.
Guztira, 700.000 euroko baino gehiagoko maula egin du Martik. Kaltedunetako batzuek 300 euro galdu dituzte; beste batzuek, berriz, bidaia osoa erosi zuten eta bakoitzak 1.200 euro galdu ditu. Martik eta emazte tailandiarrak merkatuko preziorik merkeenak eskaintzen zituzten eta zalantza guztiak argitzen zituzten, baita zerbitzua fidagarria ez zela esaten zutenenak ere. Esperientzia positiboak ere biltzen zituzten; izan ere, bidaia era egokian bete zuten bitan.
Azkenaldian Interneten aipatzen ari diren beste iruzur bat Turypeople webgunearena da. Hainbat ataritan iruzkin onak irakurri daitezkeen arren, geroz eta erabiltzaile gehiago ari dira iruzurra salatzen. Dirudienez, kontsumitzaileek 100 euro ordaintzen zituzten webgune horretako kide egiteko eta, horri esker, bidaia-txartel bereziak eta ostatu hartzeko eskaintza bereziak lortzeko aukera zuten.
eitb.com-ek jakin duenez, Turypeopleko bezero askok lagunek edo ezagunek bidalitako mezu elektroniko baten bitartez ezagutu zuten ataria. Ordainketa egin ostean, bezeroak gida bat jasotzen du etxean, baina erreserbak egitean, gidako eta webguneko eskaintzak ez datoz bat eta bezeroaren arretarako telefonoan eskaintza egin dien komertziala nor den ez dakitenez laguntzeko aukerarik ez dagoela adierazten diote.
Webgunean erreserba egin ostean, bikote bati hotelean gelarik ez zutela adierazi zietela jakin du eitb.com-ek. Interneteko foro batzuetan erabiltzaileek adierazi dutenez, prezioak ez datoz bat eta bazkide izateak ez die deskontuak lortzeko balio izan.
EKAren erantzunak ez du itxaropen handirik ematen. "Ahaztu daitezela", esan du abokatuak. Interneteko babesik ezaz gain, iruzurra porrot ekonomikoagatik gertatzen denean, tamalez, konponbiderik ez dagoela esan du Muñozek.
Kontuan hartzeko
Interneten kontratatutako hegaldiei dagokienez, gomendagarria da maleten eta eserlekuaren erregistroa, fakturazioa, Sarearen bidez egitea; izan ere, dirudienez, airelinearen batek (Iberiak, besteak beste, eitb.com-i erabiltzaile batzuek jakinarazi diotenaren arabera) ahal dituenak baino txartel gehiago saldu ditu. Hau da, fakturatzerakoan konpainiak bidaiariari hegaldia beteta dagoela eta, overbooking-aren ondorioz, beste batean jarriko dutela adierazi diezaioke.
"Konbinatutako bidaiei (garraioa eta egonaldia biltzen dituzten bidaiak) buruzko lege bat dago eta oso eraginkorra da. Arazoa kontsumitzaileak konpainiak eskainitako irtenbidea onartzen duela, baina zor dioten kalte-ordaina eskatzen ez duela da", azaldu du Muñozek.
EKAk ohartarazi duenez, ezinbesteko arrazoiengatik ez bada (eguraldi txarra, adibidez), "airelinea bidaiariak izan ditzakeen kalteen erantzulea da". Horregatik, kontsumitzaileak bere helmugara iristeko konponbidea eskatzeko eskubidea izateaz gain, konpainiak kalte-ordaina ordaindu behar dio.
Interneteko konpainiek erreklamazioak ordaintzea nahiko zaila izaten da, baina erabiltzaileen elkarteek kontsumitzaileen eskubideak betetzea eskatzearen garrantzia azpimarratzen dute. "Kontsumitzaileek guk ere elkarte bezala salaketa horiek egiten ditugula jakitea nahi dugu eta Bilboko merkataritza epaitegietan, adibidez, epaileak kontsumitzaileari arrazoia ematen dion ehunekoa guztietan altuenetako da", argitu du Muñozek.