Sakonean -

Liburu berri batean jaso dute

Nola bizi dira freelance kazetariak?

Xabier Iglesias irakasleak aldarrikatu duenez, "kazetariatza ez dago hilda eta kazetarien baitan bizi da" eta hori jaso du Seguimos informando liburuan. Argitalpena Libros.com-en eskuratu daiteke.

Xabier Iglesias 'Seguimons informando' liburuaren egilea.
Xabier Iglesias 'Seguimons informando' liburuaren egilea.
Xabier Iglesias 'Seguimons informando' liburuaren egilea.

A.A.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxetik urrun, gatazka armatuetan eta errealitate kezkagarrien eta polemikoen berri ematen lan egitea kazetari batek egunerokoan topatzen dituen erronkak dira. Seguimos informando liburuan, Xabier Iglesias irakasleak eta komunikatzaileak freelance kazetarien lana aldarrikatu du.  Iglesiasen aburuz, "kazetariatza ez dago hilda eta kazetarien baitan bizi da".

Unai Aranzadiren hitzaurrearekin hasten da liburua. Iglesiasen aburuz, Aranzadik "oso argi ditu lanbidearen irizpide deontologikoak". Horrez gain, Seguimos informando liburuak Zigor Aldama, Martin Aldalur, Mikel Ayestaran, Ander Izagirre, Daniel Burgui, Antonio Pampliega, Alberto Arce eta Xavier Aldekoa kazetariekin izandako elkarrizketak jasotzen ditu. Gainera, Iglesiasek argitalpenean parte hartu dutenen hainbat erreportaje ere jaso ditut. "Egiten duten lana erakusteko modua dela uste dut. Lan arduratsua egiten dute. Kazetaritzak beti izan beharko luke arduratsua, baina, tamalez, ez da horrela izaten", adierazi du Iglesiasek.

"Kazetariak errealitatea erakutsi behar du. Diskurtso guztiak kontraesanekoak dira eta niri diskurtso hegemonikoaren kontraesana interesatzen zait. Kazetaritzaren zentzurik zintzoena pentsamolde kritikoaren alde egitea da", azaldu du Martin Aldalurrek.

Oinarrian, Xabier Iglesiasen esanetan, kazetariaren profila duela urte batzuetakoa bezalakoa da, istorioak topatu eta kontatu behar ditu eta, "ahal duen neurrian, ahotsik ez dutenen bozeramaile izan behar du".

Hala eta guztiz ere, gaur egun, hedabideez kanpoko herritarrek egindako kazetaritza lanez gain, kazetariak informazioa hedatzeko tresna gehiago ditu. Lehen "atzerapen efektua" zegoen; izan ere, kazetariak informazioa jasotzen zuenetik argitaratzen zuenera arte informazioa zahartu egiten zen. "Orain, informazioa oso azkar mugitzen da eta kazetaritzaren oinarria mantendu egiten den arren, kazetariak erreminta berriak erabiltzen ikasi behar du", azaldu du Iglesiasek.

"Erredakzioan dauden kazetariek oraindik ere paperezko egunkariak irakurtzen dituzte eta nik dagoeneko ez dut tinta usaina gogoratzen", azaldu du Mikel Ayestaranek. "Freelance kazetaria izan nahi duenak guztizko borondatea izan behar du. Kazetaritza mota hau ezegonkorra da", gaineratu du Aldalurrek.

"Kazetaritza oso bizirik dago eta kazetarien baitan bizi da. Hedabide handiek negozioa egiteko hartu zuten eta, orain, negozio eredu hori amaitu zaienean, kazetariak jabetasuna berreskuratu behar du. Kazetaritzak ez du ezer asmatu behar, naturala da, baina zuzendu behar duten irizpideen arabera lan egin behar du", uste du Iglesiasek.

Sare sozialak oso garrantzitsuak dira kazetaritzaren garai berri honetan. "Hedabide handientzat kaltegarriak dira eta Alberto Rojas El Mundo egunkariko kazetariak aipatu zidanez, sare sozialak eta Internet hedabideentzako bonba nuklearra izan dira eta oraindik ez dira suntsitu dutenaz ohartu ere egin. Kazetari bakar batentzat, berriz, oso erreminta erabilgarria dira", azaldu du Iglesiasek. "Sare sozialak hedabide bat bilakatu dira. Hala ere, ezin dugu ahaztu Internetera sarbidea dutenentzat baino ez dela eztabaidagunea", uste du Aldalurrek.

Seguimos informando liburuak Iglesiasek kazetariekin izan dituen elkarrizketak jasotzen ditu eta esperientzia profesionalak eta pertsonalak biltzen ditu. Alde batetik bestera ibiltzen zarenean, zaila da behin betiko bizilekua duzula sentitzea. "Nik dagoeneko ezarri dut bizitokia Beasainetik Azpeitistanera, nire bizitzako bidaiarik luzeena. Hala ere, noizbehinka lan egin behar da, ezta? Nik ere A8 autobidea erabiltzen dut, baina aireportura joateko", esan du, txantxetan, Ayestaranek.

"Martin Aldalurren lana oso ona iruditzen zait; bizimodu hobe baten bila egindako bidaia barik, migrazioa kultur motibazioek bultzatutako ibilbide gisa hartzea. Afrikan, migrazioa heldutasun errito bat da eta egiten direnen % 70 kontinentean bertan egiten dira", gogoratu du Iglesisasek.

"Antonio Pampliegak Afganistanen eta gatazka armatua dagoen lekuetan lanean izan ostean, Haitiko lurrikara gertatu zenean, misio humanitario batean tirokatu zutela kontatu zidan", kontatu du liburuaren egileak.

"Zigor Aldamak, adibidez, 18 urterekin maitemindu eta Txinara alde egitea erabaki zuen. Herrialdea nola hazi den ikusteko aukera izan du", azaldu du.

Crowdfunding plataforma

Seguimos informando liburuaren helburua, egilearen arabera, lanbide bat berreskuratzeko ilusioa helaraztea da: "Irakurlea partaide egin nahi dut. Liburuaren bi heren protagonistek egindako erreportajeak dira eta elkarrizketak ere erdibana egin genituen, hortaz, proiektua errentagarria egitea ez zitzaidan bidezkoa iruditzen".

Horregatik, Seguimos informando Libros.com crowdfunding plataforman eskuratu daiteke. Liburuak 45 egunetan 150 dohaintza lortu behar ditu.

"Babesa nahi dugu. 150 pertsona bilatzen ari gara proiektu honen argitaratzaile izateko", argitu du Iglesiasek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea