Teknologia -
2012ko errepasoa
Obamaren garaipeneko txioa, 2012ko arrakastatsuena
Twitterrek urteko mezurik esanguratsuenen zerrenda egin du. Bigarren postua Justin Bieber abeslari ospetsuak lortu du.
Erredakzioa
Twitter sare sozialak 2012an idatzi diren txio arrakastatsuenen errepasoa egin du. Horrela, Twitterrek mezu ospetsuenen zerrenda osatu du_ eta "Urrezko Txioak" izendatu ditu.
Joan den azaroan, Barack Obama AEBetako presidenteak hauteskundeak irabazi zituenean argitaratu zuen txioa da zerrenda horretako lehena. "Four more years (Lau urte gehiago)", idatzi zuen Obamak, eta mezu hori 810.000 herrialdetan eta 220.000 aldiz berbidali zuten.
Justin Bieberrek bigarren postua lortu du. "RIP Avalanna. I love you (RIP Avalanna. Maite zaitut", abeslariak minbizia zuen 6 urteko jarraitzaile bat hil zenean Twitterren idatzi zuen mezua 220.000 aldiz bertxiotu zuten.
2012an Twitterren izan den beste mezu arrakastatsuenetako bat Packer TJ Lang kirolariak idatzitako da. Futbol amerikarreko jokalariak jokozain baten jarrera kritikatu zuen. Txioa ("Pikutara, NFL... Isuna jar iezadazu eta dirua jokozainei ordaintzeko erabili") gau hartan gehien bertxiotu zutena izan zen (98.000 aldiz).
Londreseko Olinpiar Jokoak ere izan dira 2012an sare sozialean gehien aipatu den gaietako bat. Britainia Handiko taldeak kirolariei bidalitako Mezuak 67.000 bertxio izan zituen. "Urrezko 29, zilarrezko 17 eta brontzezko 19. Hirugarren postuan amaitu dugu, 104 lau urte hauetako Olinpiar Joko arrakastatsuenetan. #OurGreatestTeam", idatzi zuen.
Horrez gain, Twitterrek "urteko elkarrizketa esanguratsuenak" ere aukeratu ditu. Olinpiar Jokoek 150 milioi mezu eragin zituzten (amaiera ekitaldian, 116.000 txio idatzi zituzten minutuko). AEBetako hauteskundeetan, 327.000 txio idatzi zituzten minutuko.
2012an Twitterren kontua sortu duten erabiltzaile berrien artean, Twitterrek Neil Young eta Pele aipatu ditu, besteak beste. Horrez gain, berrien artean arrakasta handia lortu dute Jessica Biel aktoreak, Adele abeslariak eta Benedicto XVI.ak. Aita Santuak 150.000 jarraitzaile lortu zituen lehen txioa idatzi baino lehen, eta milioi bat lehen mezuarekin.