Teknologia -
Kontsolen generazio berria
Sonyk PlayStation 4a aurkeztu du, baina kontsolarik gabe
Kontsolaren interfazea, kontzeptua, agintea eta jokoak aurkeztu ditu, baina ez du makina fisikoki erakutsi. Ez dute zehaztu noiz kaleratuko duten, baina aurten izango dela iragarri dute.
Erredakzioa
Sonyk Playstation 4a aurkeztu du, baina ez du kontsola erakutsi. Hau da, horren interfazea, kontzeptua, agintea eta jokoak aurkeztu ditu, besteak beste; baina ez du makina fisikoki erakutsi. Noiz kaleratuko duten eta zein salneurritan ere ez dute zehaztu, hala ere, urte honetan izango dela agindu dute. Konpainiak azken belaunaldiko kontsola horrekin zer-nolako gauzak egin daitezkeen erakutsi du, baita jakin-mina areagotu ere.
Japoniako konpainiak bere kontsola berriaren potentzia osoa erakutsi nahi izan du. Horretarako hainbat bideo-joko aurkeztu ditu, hala nola Killzone, Shadow Fall, Knack eta Driveclub.
PlayStation 4aren aurkezpenean hurrengo belaunaldiko bideo-jokoen ezaugarri nagusiak eman dituzte ezagutzera. Hala ere, ez dira horien aukerez bakarrik aritu. Izan ere, Andrew House Sony Computer Entertainmenteko presidenteak azaldu duenez, kontsola berriarekin "Sonyk pauso ausarta eman du konpainia moduan". Horren hitzetan, "jokalaria da garrantzitsuena, non dagoen kontuan hartu gabe". Hori dela eta, badirudi bideo-jokoak beste gailuetara bideratzeko eta horietan jokatzeko aukera eskainiko dutela.
PlayStation 4ko bideo-jokoak PS Vitan erabili ahalko dira zuzenean. Hala, modu eramangarri batean jolasteko aukera izango da 'streaming' bidez.
Sony PlayStation 4aren kontrol sistemak ere aurkeztu ditu, hau da, Dual Shock 4 eta Move. Lehenengoak aurreko kontsolek duten antzeko agintea du, baina hobekuntza "garrantzitsu eta nabarmenak" ditu.
Berrikuntzarik nabarmenena agintean ukipen-pantaila izatea da. Dual Shock 4ak aurreko aginteen itxura du, baina Select eta Start botoien goiko partean ukipen-pantaila du. Hala, jokalariek jostatzeko modu berriak probatzeko aukera izango dute. Izan ere, PS Vitak duen pantailaren antzekoa da.
Aginte berriak kamera bat ere badu, beste funtzio batzuk eskaintzeko. Gainera, edukiak partekatzeko botoi bat du, eta aurreko modeloak mugitzeko ematen zituen aukera berberak ditu.
PlayStation 4aren Sony PS Move ere aurkeztu zuten. Kontsolak, aginte berri horrekin, gauza asko egiteko aukera emango du, baita errealitate areagotuan sartzeko aukera ere; esaterako, figura bat buztinezkoa balitz bezala modelatu ahalko da. Sony errealitate areagotuaren aitzindaria da, eta aukera horiek guztiak eskainiko ditu kontsola berrian.
Square Enix bideo-jokoak garatzen eta banatzen dituen enpresa japoniarraren demo tekniko hau PlayStation 4aren ahalmen grafikoaren erakusgarri ona da: