Teknologia -

Zerbitzuen itxiera

Google Reader uztailaren 1ean desagertuko da

Googlek produktu gutxiago, berriagoak eta eragin sozial handiagokoak egitera bideratu nahi du bere lana.

Google Readerren logotipoa. Argazkia:Google.
Google Readerren logotipoa. Argazkia:Google.
Google Readerren logotipoa. Argazkia:Google.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Googlek eskaintzen dituen zerbitzuetatik zortzi itxi egingo dituztela iragarri du konpainiak. Horien artean, Google Reader. Azken hori 2013ko uztailaren 1ean desagertuko da, horren sortzaileek adierazi duten "garbiketa" prozesuaren baitan. Googlek zerbitzuak berrantolatzeko eta bikoiztasunak ezabatzeko ohitura du, erabiltzaileen ohituren garapenaren arabera. Hala ere, aldaketa horiek polemika sortu ohi dute erabiltzaileen artean barneratuta dauden zerbitzuen kasuetan.

Google Reader ixteko arrazoi nagusia, sortzaileen arabera, zerbitzuaren erabiltzaile kopuruaren beherakada izan da. Bestalde, Googlek produktu gutxiago, berriagoak eta eragin sozial handiagokoak egitera bideratu nahi du bere lana.

Bilatzailearekin eta Gmailekin batera, Google Reader da konpainiaren zerbitzurik zabalduenetarikoa. RSS feed irakurgailua da, eta webguneak gordetzeko eta horien berrikuntzak eta eguneratzeak erraz kontsultatzeko aukera ematen du. Zerbitzu hori 2005etik dago eskuragarri, baina gutxi geratzen zaio dagoeneko, uztailaren 1ean Googlek itxi egingo baitu.

Ordura arte, Mountain Viewekoek Google Takeout zerbitzua erabiltzea gomendatu dute Readerren harpidetzen kopia bat deskargatu ahal izateko. Hala, harpidetza horien datu guztiak XML artxibo batean jasotzeko aukera egongo da, ondoren beste plataformaren batean erabiltzeko aukera izateko.

Google Reader ordezkatzeko hainbat aukera daude, horien artean, Feedly, Good Nows eta Old Reader.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea