Teknologia -

Negozioa eta bizitza digitala

EBEuskadi13: 'Errealitate bihurtu baino, ametsak bereganatzen dira'

"Bila itzazu zure aukerak " lelopean, EiTBko egoitzan izandako ekitaldi teknologikoan, Arrieta ahizpak izan dira erakusle nagusiak.

EiTBko Bilboko egoitzak EBEuskadi13 ekitaldia hartu du. Argazkia: EITB
EiTBko Bilboko egoitzak EBEuskadi13 ekitaldia hartu du. Argazkia: EITB
EiTBko Bilboko egoitzak EBEuskadi13 ekitaldia hartu du. Argazkia: EITB

L.S. / Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EBEuskadi13 ekitaldi teknologikoa hartu du larunbat honetan EiTBko egoitzak, Bilbon, "Bila itzazu zure aukerak " lelopean. Bertan, Arrieta ahizpak Arrieta Metodoaren sortzaileak izan dira erakusle nagusiak. Haien dokumentalaren aurkezpenean Arrieta ahizpek adierazi dutenez, "errealitate bihurtu baino, ametsak bereganatu egiten dira".

Abiapuntu hori hartuta, krisiaren aurrean negozioei eta aukerei zuzendutako eguna izan da gaurkoa, tartean, ekonomikoki bideragarriak diren proiektuen adibideak, 'crowfounding' edo arrisku-kapitalaren inbertitzaileen aurrean aurkeztea, eta 'Start Up' enpresak sortzea (proiektu jaioberriak).

Hala ere, negozioaren alde soziala izan dute gehienbat mintzagai EBEuskadi13an, Mentxu eta Lourdes Arrieta ahizpek eskainitako hitzaldiari esker.

Lourdesk eta Mentxuk haien mugimenduak eta komunikazioa mugatzen duen gaitz eragilea dute. Horren aurrean, ahizpek begien mugimenduetan oinarritutako sistema asmatu eta, horri esker, alfabetoa idatzi zuten.

Duela lau urte haien eskarmentua eta metodoa zabaltzeko bloga abiatu zuten eitb.com-en. Aurtengo apirilaren 20an Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian izan dira @elmetodoarrieta-ri buruzko dokumentala aurkezten. Azken hiru urteetan egindako eta Jorge Gilek (Moriarti produktorea) zuzendutako lana da.

Muga fisikoak eta mentalak gainditzeko, nahiz gizarteari mezuak zuzenean helarazteko, hizkuntza alternatiboek eta teknologia berriek eskainitako baliabideak azpimarratu dituzte Arrieta ahizpek. Halaber, hizkuntza sistema alternatiboa euskaraz garatzeko EHUko ikasle-talde batekin ari direla lanean aurreratu dute.

Arrisku-kapitala, crowfounding, Gasteiz-Argentina eta Kooperatibak

Xabier Alvarez Microwave Ventures arrisku-kapitaleko enpresa arduradunak inbertitzaileentzat proiektu bat erakargarri bihurtzeko gakoak azaldu ditu. Halaber, Ricardo Amastek 'crowfounding'-ari buruzko ikuspuntua eskaini du.

Aitor Eguinoa 90 grados enpresako kideak, ordea, mugaz haratago doan negozioaren nondik norakoak azaldu ditu: bere enpresa Gasteizen dago, baina Argentinan du egoitza garrantzitsua. Horri esker, krisi ekonomikoei aurre egiteko bitarteko gehiago izan dituzte.

Euskaraz izandako mahainguru batean hainbat auzi izan dituzte mintzagai, jarduera teknologikoko balizko ereduak, besteak beste.

Haritz Rodriguezek (Blogonbrands) gidatutako eztabaidan, eredu kooperatiboa defendatu du Gorka Juliok (Talaioskoop). Gainera, Amaia Ocerinek (Azkue Fundazioa), Susi Rodriguezek (Elurnet) eta Iker Etxebarriak (EuskalApps) ere parte hartu dute.

EBEuskadi13 EBEk antolatu du, eitb.com, La Caixa, Vueling, Coca-Cola eta Hotel Gran Bilbaoren laguntzarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea