Teknologia -
Sherpa Summit 2013
Sentsoreen eta hiperkonexio globalaren aroa
Teknologia pertsonala Gizateria "sentsoreen arora" eramaten ari da. Etorkizunean nortasunaren kudeaketa makinekin dugun harremana bezain garrantzitsua izango da.
Erredakzioa
Teknologia pertsonala Gizateria "sentsoreen arora" eramaten ari da. Etorkizunean nortasunaren kudeaketa makinekin dugun harremana bezain garrantzitsua izango da.
Sherpa Summiten agerian geratu da. Internet eta aplikazioak aztertu dituzte gaur Bilbon.
Gizakiaren eta makinen arteko harremanaren etorkizuna izan da gai nagusia Sherpa Summiten, Bilboko Euskalduna Jauregian gaur hasi diren jardunaldietan. Hori horrela, ahotsarekin aginduak emateko gailuak, bilatzaileak, interfaze eta erabiltzaile esperientzia berriak izan dituzte hizpide.
Internetek, etxeko informatika gailuek eta sakelako telefonoek gizakien komunikazioa areagotu dute, baina industria teknologikoak erronka nagusi bat du orain: gizakien eta makinen arteko harremanean naturaltasuna eta azkartasuna indartzea.
Appleren Siri ahotsarekin aginduak emateko tresna eta Googleren bilatzailean jarri duten ezagutzaren grafikoa dira, erronka hori lortzeko bidean, eman dituzten aurrerapausoetako batzuk.
Ostegun honetan, Mozilla Fundazioko, Paypaleko, Vuelingeko, Inteleko, Euskalteleko, Telefonicako, Amazoneko eta BBVAko adituek alor horretan izan diren aurrerakuntzak aztertu dituzte eta teknologia berriekin komunikazio tresnek izango duten eragina zein izango den aurreikusten saiatu dira.
Besteak beste, Mitchlell Baker Mozilla Fundazioaren zuzendariak, Martin Varsavsky Fonen kontseilari ordezkariak, John Sculley Appleren zuzendari exekutibo ohiak eta Gartner aholkularitza zerbitzuko analista batek parte hartu dute.
Xabier Uribe-Etxebarria Sherpa aplikazioaren sortzaileak antolatu du ekitaldia, eta Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Sherpa Androiderako egindako tresna bat da, ahotsarekin aginduak emateko.
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak "nazioartean" kokatu nahi dute Bilbo ekimena babestuta.