Teknologia -
Espioitza
Facebookeko 18.000 konturen datuak eskatu ditu AEBetako Gobernuak
Sare sozialak azaldu duenez, erabiltzaileen pribatutasuna babesten saiatzen dira beti, eta "noizean behin eskariak baztertu edo apaldu egiten ditugu".
Erredakzioa
AEBetako Gobernuak Facebookeko 18.000 kontu baino gehiagoren datuak eskatu dizkio sare sozialari.
Facebookek ohar bidez jakinarazi duenez, 2012ko azken egunaz geroztik informazio pribatua jasotzeko agintari estatubatuarren hainbat eskari jaso ditu.
18.000-19.000 kontu ingururen gaineko informazioa eskatu dute, "zati txiki bat baino ez da 1.100 milioi erabiltzaile ditugula kontuan hartuta". Halaber, egunotan hainbat hedabideetan agertu den informazioa gezurtatu egin du.
Ted Ullyot Facebookeko lege alorreko kontseilariak ez du azaldu zenbat informazio pribatu eman zion AEBetako Gobernuari. Sare sozialak azaldu duenez, erabiltzaileen pribatutasuna babesten saiatzen dira beti, eta "noizean behin eskariak baztertu edo apaldu egiten ditugu".
Bestalde, erabiltzaileen pribatutasuna defendatzen eta gardentasuna bultzatzen jarraitzeko asmoa agertu du Facebookek.
Aste honetan Washington Post egunkariak argitaratu duenez, Segurtasun Nazionaleko Agentzia eta FBI Interneteko AEBetako bederatzi enpresa nagusien zerbitzarietan sartzen ari dira eta erabiltzaileen eta horien kontaktuen berri jasotzen ari dira.
Antza denez, programan parte hartzen dutenen artean daude Sillicon Valleyko enpresa nagusiak: Microsoft Corp, Yahoo Inc, Google Inc, Facebook Inc, PalTalk, AOL Inc, Skype, YouTube eta Apple Inc.