Teknologia -
Saria
Guggenheimen webguneak, LIN3S agentziaren lanak, Laus saria lortu du
Museoaren webgune berriaren 'sendotasuna, intentsitatea eta izaera berritzailea' nabarmendu dituzte agentzia bizkaitarraren lana nabarmentzeko.
Erredakzioa
Guggenheim Bilbao Museoaren webguneak, Museoak LIN3S agentzia bizkaitarrarekin lankidetzan garatutakoak, Laus sarietako bat jaso du aurten, diseinu grafikoaren eta ikusizko komunikazioaren alorreko saririk ospetsuenetako bat.
Laus sariek diseinu eta komunikazio alorrean egin diren lan garrantzitsuenak saritzen ditu urtero, eta, besteak beste, proiektuaren kalitate kontzeptuala, kalitate formala, funtzionalitatea, bikaintasuna eta horren izaera berritzailea baloratu ditu. Sari hauek 50 urtetik gorako ibilbidea duen irabazi asmorik gabeko elkarte pribatu batek ematen ditu, FAD (Fomento de Artes y de Diseño) Arteak eta Diseinua Sustatzeko elkartearen Arte Zuzendari eta Diseinugile Grafikoen Elkarteak hain zuzen ere.
Guggenheim Bilbao Museoak eta LIN3S agentziak egindako lanak 'Gailu mugikorretara egokitutako weba' atalean jaso du saria. Museoaren web berriaren sendotasuna, intentsitatea eta izaera berritzailea nabarmendu ditu epaimahaiak, erabiltzailearen sarbiderako gailura moldatzen baita, mahaigaineko nabigatzailea, sakelakoa zein tableta izan, kasu guztietan nabigatzeko esperientzia ezin hobea eskainita.
Balorazioa egiterakoan, ikusizko itxuraz gain, proiektuaren erabilgarritasuna eta ezarritako helburuak zein kalitaterekin bete diren hartu dira kontuan, eta alor horretan erabakigarria izan da Guggenheim Bilbao Museoak web berriaren aurrean erakutsi duen gogobetetasun-maila. Iñaki Garcia LIN3S agentziaren negozio zuzendariaren esanetan, hori guztia dela eta, aitorpen honek balio berezia du: 'Lanbidea ondo betetzea saritu dute, horrek bereizten baititu proiektu onak eta bikainak, eta, hori dela eta, oso harro gaude'.
LIN3S agentziak 12 urteko esperientzia du webguneak garatzen eta online bidezko marketina egiten, eta espezializazio handia du web-analisiak egiten. Zerbitzu integrala eskaintzen du, eta horren proiektuek online bidezko negozio baten jarduera guztiak hartzen ditu eta prestakuntza hobetzeko jarduera ugari eskaintzen ditu. Egun esku artean dituen proiektuen artean, Laboral Kutxaren online marka (gu.laboralkutxa.com), Bilbao Arenaren web berria eta BiDC garatzen ari dira. Azken hori oraintsu kaleratu dute, Bilbao-Bizkaia marka mundu mailan diseinuarekin eta sormenarekin lotzeko.