Teknologia -
Salgai jarri aurretik
HTCren 'tablefono' berriaren ustezko irudi ofiziala filtratu dute
HTC Oneren bertsio hobetua izango omen da, sakelako telefonoaren eta tableta elektronikoaren arteko nahasketa bat.
Erredakzioa
Eveleaksek, teknologiarekin lotutako filtrazio ugari egin dituen medioak, beste filtrazio esanguratsu bat egin du gaur: HTCren 'tablefono' berria izango denaren ustezko irudi ofizial bat. HTC One sakelako telefonoaren hobekuntza bat omen da HTC T6 izena izango duen gailu berri hori, eta sakelako telefonoaren eta tableta elektronikoaren arteko nahasketa bat izango da.
Zurrumurruak zabaldu dira azken hilabeteotan konpainia taiwandarrak 'phablet' delakoa saltzeko izan dezakeen asmoaren inguruan. Samsung izan zen hori egiten lehena, Galaxy Noterekin, eta sektore horrekin bat egin zuten gero Huawei, Sony, ZTE eta Lenovo enpresek.
Orain HTC izango omen da sakelako telefonoaren eta tabletaren arteko hibridoen merkatuan sartu nahi duena, HTC Oneren bertsio batekin.
Oraingoz dena zurrumurruetan oinarritzen da, baina Evleaksek ustez ofiziala den irudia kaleratu du, HTC T6 izango litzatekeen gailuarena. 6 hazbeteko tamaina izango du, eta HTC Onen diseinuari jarraituko lioke.
Ezaugarri teknikoei dagokienez, 2,3GHz-eko lau nukleo, 2 GB RAM, 64 GBko edukiera eta 3.200 mAhko bateria izango duela aurreikusi dute.