Teknologia -
Sakelako telefonoak
Microsoftek Nokia erosi du, 5.440 milioi euroren truke
Konpainia finlandiarra lider izan zen mundu osoan, sakelako telefonoen sektorean, baina berandu igo zen telefono adimenduen eta tablet-en trenera.
Erredakzioa
Microsoft erraldoi informatikoak Nokia sakelako telefono ekoizlea erosi du, 5.440 milioi euroren truke.
Bi enpresek agiri batean jakinarazi dutenez, Stephen Elop Nokiako buruak kargua utziko du, eta Microsofteko langile bihurtuko da.
Nokia lider izan zen mundu osoan, sakelako telefonoen sektorean, baina berandu igo zen telefono adimenduen eta tablet-en trenera, eta, ondorioz, Applek eta Samsungek aurrea hartu zioten.
Erosketa honekin Microsoftek egin duen pausoa Googlek 2011. urtean egindakoaren antzekoa da. Izan ere, Interneteko bilatzaile arrakastatsuenaren konpainiak Motorola erosi zuen, sakelako telefonoen munduan barrena egiteko.
Akordioaren ondorioz, Microsoftek bereganatu egingo ditu Nokiaren 32.000 langile.
Azken urteetan, Nokiak 20.000 langile kaleratu ditu, eta hainbat ordainsari kendu ditu.
Aurtengo bigarren hiruhilekoan, konpainia finlandiarraren salmentak % 27 jaitsi dira. Azken bederatzi hiruhilekoetan, 5.000 milioi euroko galerak pilatu ditu.