Teknologia -

Gailu berrituak

Ipad 5 eta Ipad mini berria: Mugarria ezarriko al du Applek?

Tableten merkatuan handia da lehia, eta, adituen esanetan, Applek denen artean bereizteko ezaugarriren bat erantsi beharko du gailuotan.

Applek mugarria ezarri beharko du Ipad eta Ipad mini berrietan. Argazkia: Apple
Ipad eta Ipad minia.
Applek mugarria ezarri beharko du Ipad eta Ipad mini berrietan. Argazkia: Apple

Eider Garaikoetxea | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Applek bere gailu berrituak aurkezteko beste show bat du arratsalderako iragarrita. Espainian 19:00ak direnean hasiko ikuskizuna: taula gainean, Ipad 5 eta Ipad mini berria.

Zaleen ikusmina azken unera arte mantentzeko duen estrategiari jarraiki, gaian jantzitako hedabideei gonbidapen koloretsua bidali die: koloretako hostoz beteta eta honako leloarekin: "Gauza asko ditugu estaltzeko".

Ordudanik, zurrumurruak eta iragarpenak dira nagusi. Gonbidapena ikusita, Ipad-a biltzeko zorro edo azalari aparteko ezaugarriak emango dizkiotela dioenik bada. Hala, Jamie Ryan Appleko langile ohi eta teknologia adituaren esanetan, zorroan teklatua ipiniko du sagarraren konpainiak. Horrek, zalantzarik gabe, abantaila emango lioke lehiakideen aurrean, eta mugarria ezarriko luke tableten merkatuan.

Hori gorabehera, ziurtzat eman dituzte honako berrikuntzak: Ipad mini berriak erresoluzio handiko pantaila, prozesadore azkarragoa  eta argazki kamera hobea izango ditu. Apple etxeko izarra bihurtu da mini-a: saltzen diren hiru tabletatik bi txikiak dira.

Ipad 5a ere arinagoa eta meheagoa izango da. Kamera eta prozesadorea hobetuko dizkiote eta hainbat koloretan izango da salgai. Aditu batzuen arabera, iPhone 5San txertatutako hatz digitalaren sentsorea ere izango du tabletak, baina ez da guztiz ziurra.

Tableten merkatua errentagarria eta desiragarria da konpainia teknologiko guztientzat. Apple da salmentetan lider, baina lehiakideak atzetik ditu, gero eta alde txikiagoarekin. Amazonen Kindle Fire merkea, Googlen Nexus 7 osatua edo Samsumg markakoak daude lehiakideen artean.

Aurreikuspenen arabera, tableten salmentak %53 haziko dira aurten; etxeko ordenagailuena, berriz %8 jaitsiko da.

Ipad berriez gain, Intel Haswell prozesadoreaz hornitutako MacBook Pro ordenagailu eramangarri berria aurkeztuko du Applek, eta beste produktu batzuen (Mac Pro zilindrikoa eta Mac OS Mavericks sistema operatiboa) kaleratzeaz bi hitz egitea espero da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Apple Albisteak gaur