Teknologia -

Sare sozialak

Twitter burtsan kotizatzen hasiko da gaur

Sare sozialak 26 dolarretan jarriko ditu salgai akzioak. Horrela, 1.820 milioi dolar irabazi nahi ditu.

Twitter New Yorkeko burtsan hasiko da kotizatzen. EFE
Twitter New Yorkeko burtsan hasiko da kotizatzen. EFE
Twitter New Yorkeko burtsan hasiko da kotizatzen. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Twitter sare soziala New Yorkeko burtsan kotizatzen hasiko da gaur. Hain zuzen ere, 70 milioi akzio jarriko ditu salgai, 26 dolarretan bakoitza. Horrela, 1.820 milioi dolar irabazi nahi ditu.

New Yorkeko burtsak 09:30ean (15:30, Euskal Herrian) hasiko du saioa, baina Twitterren akzioak handik eta ordubetera jarriko dituzte salgai, kotizatzen hasten diren enpresekin gertatu ohi den bezala.

Kaliforniako konpainiak irailean abiatu zuen kotizatzen hasteko prozedura, teknologiaren sektoreko enpresa batek egindako inportanteena, iazko maiatzean Facebook Wall Streetera iritsi zenetik.

Nolanahi ere, Facebook Nasdaq merkatu teknologikoan sartu zen, eta Twitterrek, aldiz, New Yorkeko burtsan egingo du.

Twitterrek 200 milioi erabiltzaile aktibo ditu hilean, eta horiek 500 milioi mezu publikatzen dituzte egunero. Sare sozialaren diru-sarrera nagusia publizitatea da.

Sare sozialaren erabiltzaile gehienak AEBtik kanpo bizi dira, baina diru-sarreren % 80 herrialde horretan lortzen ditu.

Urteko lehen hilabetean, Twitterrek 253,6 milioi dolarreko diru-sarrerak izan ditu, iazko epe berean baino % 107 gehiago. Dena dela, guztira 69,3 milioi dolarreko galerak izan ditu.

Ekainaren 30eko datuak oinarri hartuta, konpainiak 2.000 langile ditu, 2010. urteko urtarrilean baino 1.800 gehiago.

Facebooken porrota

Twitter baikor da, baina burtsan duen adibide gertukoena, Facebookena, ez da itxaropentsu egoteko modukoa.

Sare sozial hori iazko maiatzaren 18an hasi zen kotizatzen, txalo eta ospakizunen artean, baina, lehenengo 12 hilabeteetan, porrot egin zuen. Izan ere, konpainia 100.000 milioi dolarreko balioarekin iritsi zen Wall Streetera, eta, urtebetean, balio horren % 30 galdu zuen.

Gainera, Twitter ez bezala, Facebook errentagarria zen kotizatzen hasi zenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Xeko albisteak 2024