Teknologia -
Zientzia
34 urteko burlatar bat, esku bioniko bat jaso duen lehen nafarra
Motor istripu batean ezker besoa galdu zuen 34 urteko burlatar bati punta-puntako esku bioniko bat jarriko diote, Nafarroan lehenengoz.
Erredakzioa
Motor istripu batean ezker besoa galdu zuen 34 urteko burlatar batek punta-puntako esku bioniko bat jasoko du, Nafarroan inoiz jarri den lehena, telebista saio batean jaso zuen diruari esker.
Michelangelo izeneko protesia Iton Nafarroako Institutu Tekniko Ortoprotesikoa jarri du, eta, "haren istorioak hunkituta", bertako langileek beraiei zegokien ordainsaria ez kobratzea erabaki dute.
Ricardo Almoguerak 2013ko uztailaren 16an Lizarratik gertu izan zuen motor istripu baten ondorioz galdu zuen besoa. Interneten ikertzen aritu zen, merkatuko protesi egokienaren bila, eta Nafarroako Institutu Tekniko Ortoprotesikoarekin harremanetan jarri zen.
Zentro horretako teknikariek berarentzako aproposena Michelangelo izeneko sistema protesikoa zela esan zioten, esku horrek "mugitzeko ahalmen handia ematen baitu".
Hala ere, gazteak ezin zuenez haren kostua ordaindu, Itoneko profesionalek, istorioak hunkituta eta salbuespen gisa, beren zerbitzuagatik eta protesia egokitzeko lanarengatik ez kobratzea erabaki zuten, eta eskua fabrikatzeko lana soilik kobratu zuten: 55.000 euro.
Itongo zuzendari teknikoaren arabera, Estatu osoan hamar pertsonak soilik daukate Michelangelo eskua, eta "halako beste protesi guztiek baino ahalmen, erraztasun eta konfiantza askoz handiagoa ematen du modelo honek gauzei oratzeko orduan".