Teknologia -
iPhone 6
Apple maiatzean hasiko da iPhone 6 telefonoa fabrikatzen
iPhone 6ak bi bertsio izango ditu, eta iPhone 5S eta 5C modeloek baino pantaila handiagoa izango dute biek.
Erredakzioa
Apple maiatzean hasiko da iPhone 6 telefonoa fabrikatzen. Zehazki, sakelako telefono horien pantailak egiten hasiko dira. iPhone 6ak bi motako pantailak izango ditu, 4,7 eta 5,5 hazbetekoak, Reuters agentziaren arabera.
Horrela, iPhone 6ak bi bertsio izango ditu, eta horietako bat udazkenean kaleratuko da; bigarrena geroago aterako dute merkatura, ekoizpen-kate txinatarrek adostutakoan. Japan Display Inc., Sharp Corp. eta LG Display Co. Ltd. etxeek ekoitziko dituzte telefono horien pantailak.
Appleren smartphone berriek iPhone 5S eta 5C modeloek baino pantaila handiagoak izango dituzte, aipatutako telefonoek 4 hazbeteko pantailak baitituzte.
iPhone 6 telefonoen pantailak handiagoak izango zirela zabaldu da azken hilabeteetan, sakelakoen egileek pantaila handiko smartphoneak egiteko joera dutela ikusita. Hala, iPhone 6ak Samsungen eta beste fabrikatzaileen telefonoekin lehiatzeko aukera emango dio Appleri, horiek pantaila handiagoak dituzten sakelakoak merkaturatzen baitituzte.